Politika -
KATALUNIA
PSCk babes helegitea jarri du, U-9ko Kataluniako Parlamentuko saioagatik
Kataluniako sozialisten esanetan, saio horretan Kataluniaren independentzia aldarrikatuko balute, Espainiako Konstituzioa 'errotik urratuko litzateke' eta diputatuen eskubideak deuseztatuko lirateke.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
PSCk babes helegitea aurkeztu du Auzitegi Konstituzionalean, datorren astelehenean, urriak 9, Kataluniako Parlamentuan egingo den osoko bilkura dela-eta.
Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak agerraldia egingo du astelehenean Kataluniako Parlamentuko osoko bilkuran U-1eko emaitzen balorazioa egiteko eta erreferendum legeko 4. artikulua aplikatzeko.
Artikulu horren arabera, erreferendumeko emaitzen berri eman eta bi egunetara, Parlamentuak osoko bilkura egingo du, "Kataluniaren independentzia adierazpen formala egin eta prozesu konstituziogilearen hasiera adosteko".
Atzo iragarri bezala, PSCk gaur aurkeztu du babes helegitea Auzitegi Konstituzionalean. Kataluniako sozialisten iritziz, asteleheneko osoko bilkura deitzeak Konstituzionalaren debekua urratzea ekarriko luke ?Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi zuen Kataluniako erreferendum legea? eta lege hori aplikatzeak ordena konstituzionala errotik urratzea suposatuko luke. Halaber, independentzia aldarrikapena egingo balitz, Kataluniako Parlamentuko diputatuen eskubideak "errotik urratuko lirateke", sozialisten ustez.
Hori dela eta, asteleheneko osoko bilkura deitzeko Kataluniako Parlamentuko Mahaiak lorturiko akordioa baliorik gabe uzteko eta hori bermatzeko beharrezko neurriak hartzeko eskatu dio Auzitegi Konstituzionalari.