Politika -
Kataluniako erreferenduma
Espainiako Gobernuak Katalunian egoera 'erabat kontrolatuta' duela esan du
Soraya Saenz de Santamariak adierazi duenez, "ez dute onartuko jokabide mafiosorik, besteak beste, agenteak eta hoteletako arduradunak jasotzen ari diren mehatxuak".
Agentziak | Erredakzioa
Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordeak astelehen honetan esan duenez, Katalunian egoera "erabat kontrolatuta" dute, eta "ez dugu onartuko jokabide mafiosorik, besteak beste, agenteak eta hoteletako arduradunak jasotzen ari diren mehatxuak", gaineratu du.
Saenz de Santamariak Summit Shopping Tourism & Economyren hirugarren edizioan parte hartu ostean egin ditu adierazpenak komunikabideen aurrean, eta Guardia Zibilak bart bidalitako mezu bat irakurri du: "Pineda del Marreko Udaleko arduradunekin izan dugun bilera baten arabera, gure hotelak bost urtez ixteko mehatxupean, polizia nazionalak hoteletatik bidali behar izan ditugu".
Espainiako presidenteordearen arabera, "hori jokabide mafiosoa da", eta "ez dugu jokabide mafiosorik onartuko", nabarmendu du. Halaber, Carles Puigdemontek zuzentzen duen Gobernuak eta independentistek "lotsa demokratiko guztiak" galdu dituztela adierazi du.
Estatuko Fiskaltza Nagusiak Kataluniako hainbat hoteletan Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoetako kideak kanporatzeko hartu duten erabakiari buruzko informazioa jaso du, eta gertatutakoa ikertuko du, batik bat, ostalariek ateak ixteko "mehatxurik edo legez kanpoko presiorik" jaso duten argitzeko.
Saenz de Santamariak Puigdemonten kontra egin du; izan ere, "bere jarraitzaileak kalera bota ditu legea betetzea eta Justizia errespetatzea ekiditeko", horren ustez. Egoera honen aurrean, PPren Gobernua "Generalitateak zapaldu dituen espainiar guztien eskubideak eta askatasunak babesteko dago", adierazi du.