Politika -
U-1eko oldarraldiak
Calellako hotel batek 200 guardia zibil bota ditu, protestariak jotzeagatik
Kale jantzian zihoazen hainbat guardia zibilek euren hotelera bertaratu diren hainbat manifestariri eraso diete, borra luzagarriak erabiliz.
eitb.eus
Urriaren 1ean Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak Katalunian egindako oldarraldi bortitzek zauri sakonak utzi dituzte kataluniar gizartean, eta, ondorioz, tentsio eta haserre une ugari izan dira astelehen honetan herritarren eta agenteen artean, hainbat herritan.
Adibidez, Calellan (Bartzelona), hotel batek bertan ostatu hartuta zeuden 200 guardia zibil baino gehiago bota ditu, hotel aurrera protestan joandako hainbat manifestariri erasotzeagatik.
Calellako alkateak eta lekukoek azaldu dutenez, bart hainbat manifestari joan ziren hotel batera, bertan ostatu hartuta zeuden guardia zibilen aurka protesta egiteko, urriaren 1eko oldarraldiak direla eta. Esquadra Mossoek segurtasun eremua ezarri zuten orduan, baina hainbat guardia zibil hoteletik atera ziren, kale jantzian, eta, borra luzagarriak erabiliz, manifestariei erasotzen hasi ziren.
Radio Calella TVk gertatutakoaren bideo bat publikatu du, eta irudietan hainbat guardia zibil ikus daitezke, manifestarien atzetik korrika egiten, borrak eskuan dituztela. Anbulantzia bat ere ikus daiteke, zaurituak artatzera bertaratutakoa, eta mossoak lasaitasuna eskatzen.
Guardia zibilek, berriz, "jazarpena" jasan dutela salatu dute, eta hotelaren eta Udalaren aurka salaketa jarriko dutela aurreratu dute. Gainera, hoteleko jabeei "mehatxu" egitea leporatu diote alkateari, agenteak kanpora ditzaten.
Alkateak, baina, ukatu egin ditu akusazioak, eta guardia zibilak kanporatzeko erabakia enpresaburuak berak hartu duela esan du. "Eta nik txalotu egiten dut erabaki hori", gaineratu du.