Politika -
Kataluniako erreferenduma
Poliziaren indarkeria aztertzeko ikerketa inpartziala eskatu du NBEk
“Poliziaren erantzunak neurrizkoak izan behar dira beti”, adierazi du Zeid Ra'ad Al Hussein Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideetarako goi komisarioak.
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Poliziak Katalunian azaldutako indarkeriarekin oso “aztoratuta” agertu da gaur Zeid Ra'ad Al Hussein Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideetarako goi komisarioa. Horregatik, gertakariak aztertzeko ikerketa independente eta inpartzial bat eskatu du.
“Igandean, Katalunian bizi izan zen indarkeriarekin oso aztoratuta nago. Ehunka pertsona zauritu zituzten, indarkeria ekintza guztien inguruko ikerketa zorrotza, independente eta inpartziala eskatu nahi diet Espainiako agintariei”, esan du Zeidek agiri batean.
“Poliziaren erantzunak neurrizkoak izan behar dira beti”, adierazi du NBEko Giza Eskubideetarako goi komisarioak.
Kataluniako erreferenduma egitea saihesteko Guardia Zibilak eta Polizia Nazionalak esku hartu zuten atzo. Operazioak 800 zauritu baino gehiago utzi zituen, horietako bi larri, Generalitateak jakitera eman duenez.
Elkarrizketa politikoa eta begiraleak
“Egoera elkarrizketa politikoaren bidez konpondu behar dute, askatasun demokratikoak errespetatuz”, azpimarratu du Zeidek.
Era berean, NBEko giza eskubideen adituak Espainia bisitatzeko eskaera “lehenbailehen” onartzeko “dei” egin dio goi komisarioak Gobernu zentralari.