Politika -
Kataluniako erreferenduma
'Seny' berreskuratzeko kanpaina aurkeztu du Societat Civil Catalanak
Gainera, "Zuzenbide Estatua babesteko egin beharrekoa" egin dezala eskatu dio Gobernu espainiarrari, baina "proportzionaltasuna eta sen ona" mantenduta.
agentziak | erredakzioa
Zentzuz jokatzeko "Recuperem el Seny" kanpaina aurkeztu du gaur Societat Civil Catalanak; alde batetik, "elkarbizitza, pluraltasuna eta elkartasuna" sustatzeko, eta bestetik, independentismoari aurre egiteko eta urriaren bateko erreferendumean parte ez hartzeko deia luzatzeko.
Igandeko erreferenduma "bertan behera" uzteko eskatu dio Alex Ramos elkarteko presidenteordeak Carles Puigdemonti; galdeketak, Katalunia "apurtu" eta "bi herritan zatituko" baitu.
Irailaren 30ean manifestazioa deitzeko asmoa zuen Societat Civil Catalanak, baina azkenik "zentsuz jokatzea" erabaki dute eta "elkarbizitzari laguntzeko" hori ez deitzea pentsatu dute. Izan ere, Ramosen hitzetan, urriaren bateko deialdia "konfrontazioa eta banaketa" baino ez dakar.
Ildo horretan, Venezuelarekin eta Turkiarekin parekatu du Ramosek Kataluniako Gobernuak hartutako "legez kanpoko eta aldebakarreko" bidea, jokabide hori ez baita "herri demokratikoetan" ematen.
Igandeko bozketa saihesteko Estatuak hartutako neurrien harira, ez du bere iritzia eman izan nahi, baina "Zuzenbide Estatua babesteko, proportzionaltasunez eta zentzuz, egin beharreko guztia egiteko" eskatu egin dio Gobernuari.