Politika -
Kataluniako erreferenduma
Urriaren 1ean eskolak zabaltzea eskatu dute Kataluniako hezkuntza eragileek
“Mehatxupean ikastetxeak debeku eta zigilatze toki bihurtu nahi dituzte. Eskola leku argitsua izatea nahi dugu, ez iluna”, defendatu du SomEscola.cat plataformak.
Agentziak | Erredakzioa
Estatuak “ikastetxe guztiak zigilatzeko” agindua eman badu ere, urriaren 1eko erreferendumean eskolak zabaltzea eskatu du Josep Maria Cervello SomEscola.cat plataformako bozeramaileak.
“Datorren igandean normaltasuna nagusitzeko ahal dugun guztia egiteko konpromisoa hartu dugu, kataluniar guztiak hauteslekuetara joan ahal izateko, euren iritzia askatasunez agertzeko, bata ala bestea izan, hautestontzian botoa emateko”, adierazi du prentsaurrekoan. SomEscola.cat plataforma 40 bat irakasle, ikasle eta guraso elkartek eta sindikatuk osatzen dute. ‘Eskolak demokraziari zabaldu ditzagun’ manifestua irakurri du Cervellok.
Larunbata baino lehen ikastetxeak zigilatzeko agindua eman du Fiskaltzak, baina urriaren 1ean zentroak irekitzeko dei egin du Cervellok. “Beharrezkoa denean hor egongo gara”, erantsi du.
Irakasleak, sindikatuak, zuzendariak eta ikasleak Kataluniako gizartearen isla direla nabarmendu du Cervellok. Ekimenarekin bat egin nahi duten pertsonak www.escolesobertes.eu webgunean izena ematea eskatu du.
“Adierazpen askatasuna” bermatzeko modu baketsuan eta masiboan herritarren mobilizazioa aldarrikatu du Cervellok, “adierazpen askatasuna arriskuan dagoelako”. Horregatik, “eskolaz eskola, hauteslekuz hautesleku ilarak antolatzea” eskatu du, “mundu guztiak bozkatzea bermatzeko”.
Cervelloren hitzetan, urriaren 1ean zentro bakoitzean egingo diren ekimenak eskola bakoitzak erabaki beharko du, baina ekimen ugari martxan jartzen ari direla gaineratu du.
“Mehatxupean ikastetxeak debeku eta zigilatze toki bihurtu nahi dituzte. Eskola leku argitsua izatea nahi dugu, ez iluna”, defendatu du Cervellok. Mobilizazioa garaipen kolektiboa izango dela uste du.
Rajoyri erantzuna
Kataluniako ikastetxeak doktrinamendu zentroak direla aditzera eman zuen Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak. Cervelloren ahotan, “gezurra eta iraina” da. Oinarriak frankismoaren aurkako klandestinitatean jarri zituztela gogorarazi du.
“Frankismoan ikasi zuen ume bat naiz. Rajoy frankisten semea da eta eskola haren oroitzapen atseginagoa izan dezake”, azpimarratu du.