Politika -
Kataluniako erreferenduma
Trapero: 'Hauteslekuak zigilatzeak ordena publikoa arriskuan jar dezake'
Mossoen buruzagiak esan du Fiskaltzaren aginduak bete egingo dituztela, baina "proportzionaltasunaz eta koherentziaz" jokatuta.
Agentziak | Erredakzioa
Urriaren 1eko erreferendumean hauteslekuak zigilatzeak "ordena publikoa arriskuan" jar dezakeela ohartarazi dio Josep Lluis Trapero Esquadra Mossoen buruzagiak Jose Maria Romero de Tejada Kataluniako fiskal nagusiari.
Mossoen, Guardia Zibilaren eta Espainiako Poliziaren buruzagiek bilera egin dute Kataluniako Fiskaltzaren egoitzan, erreferendumean jarriko duten dispositiboa koordinatzeko asmoz.
Batzarrean izan da Trapero eta idatzi bat helarazi dio fiskal nagusiari, datorren igandean bozkalekuak itxiz gero, istiluak izan daitezkeela eta ordena publikoa arriskuan jar daitekeela ohartaraziz.
Traperok ziurtatu du Fiskaltzaren aginduak bete egingo dituztela, baina, betiere, "proportzionaltasunez eta koherentziaz" jokatuta, "ordena publikoa arriskuan jartzea saihesteko".
Ildo horretan, aipatu neurriak ekar ditzakeen "arazoak" zeintzuk izan daitezkeen jakinarazi dio Kataluniako fiskal nagusiari eta, aldi berean, honek emandako agindu batzuk "argitzeko" galdegin dio, "esandakoa ahalik eta ondoen betetzeko asmoz".
Traperok ohartarazi du hauteslekuak itxiz gero, "nahi ez diren ondorioak" izango direla; izan ere, oso litekeena da ordena publikoa eta herritarren segurtasuna arriskuan jartzea.
Mossoen buruzagiak gogora ekarri du, ikastetxeak ez ezik, beste hainbat eraikin publiko erabiliko direla hautesleku moduan: osasun zentroak, erietxeak, liburutegiak, epaitegiak, geriatrikoak, kirol pabilioiak, antzokiak, haurtzaindegiak, aisialdirako zentroak eta beste hainbat lokal (erakunde erlijiosoena, komunikabideena edo auzo elkarteena).
"Lokal horiek guztiak ixteak edo zigilatzeak oinarrizko zerbitzu publikoetan kalteak eragin ditzake, eta horrek herritarren oinarrizko eskubideetan eragingo luke", ohartarazi du
Fiskaltzak atzo helarazi zien Esquadra Mossoei Kataluniako erreferenduma egiteko urriaren 1ean jarriko diren hauteslekuak ixteko eta inork botoa eman dezala galarazteko agindua.
Bestalde, Pere Soler Mossoen zuzendariak zalantzan jarri du Fiskaltzaren agindua. "Mossoen, Guardia Zibilaren eta Espainiako Poliziaren misio nagusia eskubideak bermatzea da, ez horien gauzatzea eragoztea", azpimarratu du.
Joaquim Forn Kataluniako Barne kontseilaria ere neurriarekin kritiko agertu da. Horren ustez, agindua "aberrazio bat da".
Rac1 irrati kateari eskainitako elkarrizketa batean azaldu duenez, Generalitateak Kataluniako Segurtasun Batzordearen bilera deitzekotan dago (Puigdemontek eguerdi aldera egin du deialdia, biharko), erakunde hori baita "Kataluniako segurtasun indarren koordinatzailea".
Izan ere, Fiskaltzaren agindua "akats itzela" da, Fornen aburuz. "Generalitatea oso arduratuta dago Fiskaltzak hartu duen jarrerarekin, zentzu onaren eta legezkotasunaren kontra joan da eta", adierazi du.
Kataluniara guardia zibil eta polizia gehiago bidaltzea ere salatu du Fornek. Neurriak istiluei bide eman ahal diela uste du, "urriaren 1ean baketsua ez den erreakzio bat egon dadin". Horren aurrean, "protesta modu zibikoan" egiteko eta "probokazioan ez jausteko" deia egin die herritarrei.
Bien bitartean, Kataluniara bidalitako guardia zibil eta polizia agenteak "behar beste denbora" geratuko direla azpimarratu du gaur Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne ministroak, eta ohartarazpena ere egin du, Ministerioak ez ditu agente horien kontrako "erasoak" onartuko, eta horiek eragozteko "neurri legalak" iragarri ditu.