Politika -
Kataluniako erreferenduma
Guardia Zibilak Kataluniako Asanblea Nazionalaren webgunea blokeatu du
ANCk ordezko webgune bat aireratu du jada. Guardia Zibilak 140 atari baino gehiago itxi ditu azken orduetan.
Agentziak | Erredakzioa
Guardia Zibilak Kataluniako Asanblea Nazionalaren (ANC, katalanez) webgunea —www.assemblea.cat— blokeatu du. Dena dela, handik ordu batzuetara, horren ordezkoa sareratu du independentziaren aldeko erakundeak: www.assemblea.eu. Dagoeneko 140 atari itxi ditu Guardia Zibilak, erreferendumari babesa emateagatik.
Bart itxi dute ANCren ataria, eta, Guardia Zibilaren ikurrarekin batera, honako mezua irakur daiteke bertara sartzean: "Domeinu hau Aginte Judizialaren esku dago". Beste zenbaitetan, webgunera sartu ezin daitekeela dioen oharra baino ez da agertzen.
ANCk salatu duenez, "inolako jakinarazpenik bidali gabe" egin dute esku-hartzea. Jordi Sanchez ANCko presidenteak Catalunya Informacio irrati kateari eskainitako elkarrizketa batean esan duenez, egoera horri aurre egiteko "modu bakarra" urriaren 1ean "lasaitasunez" bozkatzera joatea da.
Webgunea itxi eta ordu gutxira, horren ordezkoa sareratu duela iragarri du ANCk Twitterren. Iragarpena modu umoretsuan egin du Asanbleak, GIF bat erantsi baitu. Irudi animatuan, Silvestre katua ikus daiteke Piolin txoria harrapatu nahi eta ezinean. Bartzelonako Portuan guardia zibilez beterik dagoen ontzian marraztutako 'Looney Tunes' marrazki bizidunen telesaileko protagonistak "omendu" nahi izan dituzte horrela.
Guardia Zibilak 140 atari itxi ditu dagoeneko, urriaren 1eko erreferendumari babesa ematen diotelakoan. Kataluniako Auzitegi Nagusiak larunbatean emandako epaia betearazteko zarratu dituzte.