Politika -

Kataluniako erreferenduma

Hautetsontziak eta boto-paperak konfiskatzeko agindua eman du Fiskaltzak

Bestalde, urriaren 1eko erreferendumean egin beharreko lanean, Poliziako agintarien koordinazioa Kataluniako Koordinazio Batzordean egitea eskatu diote Esquadra Mossoek Fiskaltzari.

Ferran Lopez mossoen ordezkaria. Argazkia: EFE
Ferran Lopez mossoen ordezkaria. Argazkia: EFE
Ferran Lopez mossoen ordezkaria. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

U-1ko erreferendumaren hauteslekuetako arduradunak identifikatzeko agindua eman dio Jose Maria Romero de Tejada Kataluniako fiskalburuak Josep Lluis Trapero Esquadra Mossoen buruzagiari.

Aginduaren arabera, urriaren 1eko galdeketan hauteslekuak izango diren hezkuntza edo administrazioaren zentroetan agertu beharko dira mossoak, eta arduradunak identifikatu beharko ditu eta lekukoei aitorpena hartu.

Dokumentazioa ematea eskatuko dute mossoek, eta, hauteskundeetarako materiala izanez gero, konfiskatu egingo dute.

Hauteslekuetan agertu eta arduradunak identifikatzeko eskatu dio fiskalak Esquadra Mossoen ordezkariari. Bestalde, lekuko gisa galdekatu eta Generalitatearen lankidetza eskakizunik jaso duten galdetzeko agindua dute mossoek.

Erantzuna baiezkoa denean, hauteslekuetako arduradunek dokumentazioa eman beharko dute; hauteslekuko hautaketa agiria, argibideak, kontaktuak edo giltza entregatzeko eskaera, besteak beste.

Komunikazioa ahozkoa izan den kasuetan, hizketakidea identifikatzeko eskatuko diete mossoek. Gainera, boto-txartelak, hautetsontziak, boto-emaileen zerrendak edo ordenagailuak berehala konfiskatu beharko dituzte.

Giltzak edo pasahitzak

“Edozein pertsona publiko zein pribaturi giltzak edo segurtasun pasahitzak entregatzea, diru publikoa bidegabe erabiltzea, desobedientzia eta prebarikazio delituen kolaborazioa” izango litzatekeela ohartaraziko diete mossoek hauteslekuetako arduradunei.

Giltzak edo pasahitzak bikoiztu edo Generalitateak segurtasun kopia bat duen kasuetan, baimenik gabeko lokalak zabaltzea eragotzi eta salatu behar dituztela gogoraraziko diete agenteek.

Generalitateak erantzukizun penalik izango ez dutela bermatuko diela dioten komunikazioak “guztiz faltsuak eta oinarri legalik gabekoak” direla jakinaraziko diete arduradunei.

Poliziako agintariak eskumenik galdu gabe koordinatzea eskatu dute mossoek

Bestalde, urriaren 1eko erreferendumean egin beharreko lanean, Poliziako agintarien koordinazioa Kataluniako Koordinazio Batzordean egitea eskatu diote Esquadra Mossoek Fiskaltzari, eskumenik ez galtzeko. Koordinazio Batzordea Kataluniako Segurtasun Batzordearen menpe dago.

Hori da Ferran Lopez Esquadra Mossoen ordezkariak Kataluniako polizien agintariei arratsaldeko bileran azaldu diena.

Diego Perez de los Cobos Guardia Zibileko koronelak zuzendu du bilera, horrek baitu erreferendumari aurre egiteko lanak koordinatzeko ardura, Kataluniako Fiskaltza Nagusiaren aginduz.

Desadostasuna

Bilera 18:00etan hasi da Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzan. Hasi eta berehala, Esquadra Mossoek txio bat argitaratu dute, Perez de los Cobosen koordinazioarekin ados ez daudela azaltzeko.

“Ordezkaritzako bilerara joan gara Fiskaltzari Kataluniako Polizia Koordinatzeko Batzordea martxan jartzea eskatzeko”, adierazi dute.

Azkenean, Ferran Lopezek ordezkatu ditu Esquadra Mossoak bertan. Josep Lluis Trapero mossoen buruzagia ez da joan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma gaur Eguneko albisteak Kataluniako prozesua zuzenean