Politika -

Kataluniako erreferenduma

Puigdemont: 'Erreferenduma egingo dugu, bozkatzeko nahia ezin da erosi'

Generalitateko presidenteak ohartarazi duenez, "erreferenduma egiten uzten ez badigute, mahai gainean jarriko dugu independentziaren aldebakarreko aitorpena".

Carles Puigdemont Generalitateko presidentea. Argazkia: EFE
Carles Puigdemont Generalitateko presidentea. Argazkia: EFE
Puigdemont: 'Ez dugu aurreikusia aldebakarreko independentzia-adierazpenik'

1:09

T. SAN JOSÉ | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Datorren urriaren 1erako indar independentistek Katalunian sustatutako erreferenduma egingo dutela berretsi du berriro ere Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak. "Ezin dugu planteatu ere egin erreferenduma egingo ez denik", adierazi du.

Jordi Evole kazetariaren La Sextako 'Salvados' saioan eskainitako elkarrizketan egin ditu Puigdemontek adierazpen horiek. "Bozkatzeko nahia ezin da erosi, ez dugu deliturik egin, eta aurrera egiteko konpromisoa hartu du Kataluniako Gobernuak", esan du.

Galdeketaren prestakizunen inguruko xehetasunak aurreratu ditu, besteak beste, herritarren errolda izango dela, eta "hauteskunde-makineria prest" egongo dela, "pertsona bakoitzak birritan bozkatuko ez duela bermatzeko".

Horrekin lotuta, bozketa egunean Esquadra Mossoek hautetsontziak erretiratu ditzaketela adierazi dio Jordi Evolek Puigdemonti, eta horrek aitortu dionez, "mossoek epailearen agindua jasotzen badute, bete egin beharko dute, baina ez dut uste hauteskunde egunean hautetsontziak kentzea segurtasuna bermatzearen gainetik lehenetsiko dutenik".

Dena dela, Puigdemontek ohartarazi duenez, "erreferenduma egiten uzten ez badigute, mahai gainean jarriko dugu independentziaren aldebakarreko aitorpena".

Azkenik, datozen egunotan atxilotuko duten beldur den galdetu dio Evolek Kataluniako presidenteari, eta beldurrik ez duela esan du: "Ez litzateke ideia ona izango". "Kataluniako legeari, Nazioarteko Zuzenbidearen oinarriei eta Giza Eskubideen Europako Gutunari obeditzen ari naiz, ez dut uste Espainiako legea urratzen ari naizenik", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Berriak Politika Bartzelona argazkiak Kataluniaren independentzia Alderdi politikoak bideoak Gaurko azken ordukoa Pere Aragonès