Politika -

KATALUNIAKO ERREFERENDUMA

Erreferendumerako boto-paperak banatu dituzte Katalunian

"Boto-paperak dakartzaten pakete batzuk" iritsi berri direla esanez amaitu du Cuixartek bere hitzaldia, eta "Katalunia osoan" zabaltzeko deia egin die bertaratu diren pertsonei.

Erreferendumerako gaur banatu dituzten boto-paperak. Argazkia: Aritz Agirre (Euskadi Irratia)
Erreferendumerako boto-paperak. Argazkia: @assemblea (Twitter)
Miliotik gora boto-paper banatu dituzte gaur Katalunian

1:10

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urriaren 1eko erreferendumean botoa emateko boto-paperak banatu dituzte igande goiz honetan Katalunian, joan den asteazkenean Guardia Zibilak 'bai' eta 'ez' zioten ia 10 milioi boto-paper atzeman ostean.

Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidenteak Bartzelonako Unibertsitate plazan eman du boto-paper horien berri. Izan ere, igande honetan 'Demokraziaren aldeko Maratoia' egiten ari dira Kataluniako udalerrietan, eta gaurtik hasita erreferendumaren aldeko kartelak jartzeko deia egin dute.

"'Bai' eta 'ez' dioten boto-paperak dakartzaten pakete batzuk" iritsi berri direla esanez amaitu du Cuixartek bere hitzaldia, eta "Katalunia osoan" zabaltzeko deia egin die bertaratu diren pertsonei.

"Askatasunaren eta demokraziaren alde eginez banatzeko eskatzen dizuegu", esan du Cuixartek bere hitzaldian. Aurretik, Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidenteak eta Jordi Sanchez ANCko presidenteak hartu dute hitza.

"Katalunia osoan ehunka mila boto-paper banatzen ari direla esan digute", gaineratu du Cuixartek, zenbakirik aipatu gabe.

Urriaren 1eko erreferendumaren aldeko 'Unis x la Republica' (Errepublikaren alde bat eginda) unibertsitateko ikasleen plataformak mezu bat zabaldu du Twitter bidez, Bartzelonako Unibertsitatera milioi bat boto-paper iritsi direla esanez. Eraikin historikoaren patioan kutxak ireki ostean boto-paperak banatu dituzte.

Mobilizazio iraunkorra

Independentziaren aldeko erakundeek "mobilizazio egoera iraunkorra" deitu dute Katalunian, eta herritarrek bide bakarra izan behar dutela gaineratu dute: "urriaren 1ean botoa eman", Jordi Sanchez ANCko presidenteak azpimarratu duenez.

Erreferenduma saihesteko asmoz asteazkenean Guardia Zibilak egindako polizia operaziotik geroztik, Katalunian izandako protestak sedizioagatik ikertzeko salaketa bat jarri zuen ostiralean Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak.  Omniumeko presidentearen arabera, "gauza bakar batean" arrazoia dauka: "mobilizazio iraunkorrerako deia berriro egiten dugu. Inor ere ez dadila etxean geratu, denok kalera, errespetuz eta modu baketsuan!".

kartela katalunia piolin cartel cataluña ARGAZKIA: ARITZ AGIRRE

Bartzelona, gaur. Argazkia: Aritz Agirre (Euskadi Irratia)

"Gure arma arriskutsuak boto-paperak, hautestontziak, pankartak eta kartela dira", esan du Cuixartek. Hala, "beldurrik ez" izateko eskatu die bertaratu diren pertsonei: "gure eskubidea da, ez dute lortuko gure demokraziari aurka egiten", gaineratu du.

"Milaka ordu eman dituzte ezin hobeto gordeta daukagun altxor demokratikoaren bila: hautestontziak", esan du ANCko presidenteak. "Herri batek altxor hori gorde nahi duenean inork ere ez" ezin duela aurkitu ziurtatu du.

"Botoa emateko eskubidea izan ez dezagun 78ko hamarkadako legedia eta Espainiako Autonomia estatua bertan behera uzten ari dira", adierazi du Sanchezek. Bere aburuz, Espainiako Gobernua "Estatu Kolpe bat" ematen ari da. Dena dela, urriaren 1ean Katalunian "milioika hautestontzi" egongo direla ohartarazi dio Rajoyri.

Cuixarten arabera, urriaren 1a "egun historikoa" izango da, eta "frankismoak lortu ez zuen bezala" inork ezin izango dituela erreferendumaren alde dauden herritarrak garaitu azpimarratu du. "Kataluniako instituzioekin inoiz baino arroago dago gaur herria", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Kataluniako erreferenduma gaur Eguneko albisteak