Politika -
Alderdi Eguna
Euskadik bere bide propioa egin behar duela berretsi du Urkulluk
Kataluniari EAJren babes osoa adierazi diote Urkulluk eta Ortuzarrek Alderdi Egunean. Lehendakariaren hitzetan, 'Espainiako Estatua hautsita dago'.
EiTB.EUS
Andoni Ortuzar Euskadi Buru Batzarreko (EBB) presidenteak EAJren "indar eta eraginkortasun politiko guztia" kataluniar erakundeen zerbitzura jarri ditu, "Kataluniari irtenbide demokratikoa" bilatzeko asmoz.
EBBko burua, Iñigo Urkullu lehendakariarekin batera, Alderdi Eguna ospatzen izan da, Forondako zelaietan, Gasteizen, egindako ekitaldi nagusian, igande honetan. Milaka alderdikide eta alderdi zale elkartu dira bertan. Aurten, 1977ko irailaren 25ean Aralarko San Miguelen ospatu zen lehen Alderdi Eguna oroitarazi dute bereziki, izan ere, bihar bertan izango da 40. urteurrena.
Ortuzarrek eta Urkulluk egindako adierazpenetan "elkartasun osoa" erakutsi dute Kataluniako erakundeekin, han gertatzen ari dena "zentzugabekeria demokratikoa eta politikoa" dela uste izanda. "Katalunia, Euskadi bezala, nazioa da, eskubide politikoak ditu. Kataluniako herriak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea du, eta bertako erakundeek beren herria bozkatzera deitzeko eskubidea dute. Bozkatzea ezin da inoiz arazoa izan, benetako arazoa botoa ematen ez uztea da", azpimarratu du Ortuzarrek.
Hori dela eta, Euskadiren interesen defentsarekin batera, Kataluniarentzako irtenbidea bilatzea izango dutela lehentasuna esan du EBBko buruak. "Politikan aritzeko dugun gaitasun osoa, eragiteko eta bitartekaritza lanerako izan ditzakegun aukera guztiak eskaintzen ditugu Kataluniarentzat irtenbide zuzen eta demokratikoa lortzeko", adierazi du.
Urkulluk esan du 'legearen barruan adostutako' erreferenduma behar dela
Bestalde, lehendakariak ohartarazi du Kataluniako egoerari "erantzukinez heldu" behar zaiola. "Duela zazpi urte Estatuko botereek erakunde katalan eta espainiarren artean adostutako Kataluniako Estatutua moztu zuten, Kataluniako herriak berretsia", kritikatu du.
Urkulluren ustez, Espainiako Estatuko botereak dira Kataluniaren egungo egoera politikoaren arduradunak eta erantzuleak, eta hartu dituzten azken erabakien ondorioei buruzko hausnarketa egitera gonbidatu ditu. Espainiako Gobernuari honako hau galdetu dio: "Ondo baloratu al dituzu une honetan bultzatzen ari zaren erabaki judizial, penal eta polizialek etorkizunean izango dituzten ondorioak?", eta hori egin ez duten beldur dela azpimarratu du.
Legeak "alde bakarretik erabili eta baliatu izanak urteotan aldebitasuna hautsi" duela aitortu ostean, lehendakaria konbentzituta azaldu da berak proposatutako "euskal bidea baliagarria eta eraginkorra" izan daitekeela esatean. Estatu ereduak porrot egin duela deitoratu du, eta akordioa eta aldebitasuna, 'euskal bidea'-"en "zutabe nagusiak", aldarrikatzen jarraituko duela nabarmendu du.
Urkulluren hitzetan, "etorkizuna erabakitzeko eskubidea eta gaitasuna dugu", eta eskubide hori "legez eta akordio bidez" baliatzea proposatu du. Eredu moduan, Kanada eta Britainia Handia ezarri ditu.
Bestalde, Ortuzarrek mezu bat bidali nahi izan die Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiari eta Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiari, Kataluniako egoera "larriaz baliatzen" ari direlako EAJri "egurra" emateko. Ortuzarren esanetan, 'euskal bidea' eta 'kataluniar bidea' "antagoniko" bihurtzea nahi dute, baina ohartarazi duenez, "ez dute lortuko. Une bakoitzean hartuko dugu Euskadirentzat eta Kataluniarentzat egokien joko dugun erabakia".