Politika -

Kataluniako erreferenduma

U-1ean botoa eman nahi duen gehiengo zabalari entzuteko eskatu du Colauk

"Egoitza publikoetan egindako miaketekin" Katalunian gertatzen ari dena "izugarria" dela esan du Bartzelonako alkateak. Halaber, elkarrizketarako deia egin du.

Ada Colau, Bartzelonako alkatea. Argazkia: @ahorapodemos (Twitter)
Ada Colau, Bartzelonako alkatea. Argazkia: @ahorapodemos (Twitter)
Kataluniako egoerari irtenbidea bilatzeko 'elkarrizketa' eskatu du Colauk

1:18

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urriaren 1eko erreferendumean botoa eman nahi duen gehiengo zabalari entzuteko eskatu dio igande honetan Ada Colau Bartzelonako alkateak PSOEri. Ildo horretatik, "estatu-erantzukizuna" eskatu dio alderdiari, eta elkarrizketarako deia egin du. Halaber, Kataluniak bizi duen egoerari irtenbide bat bilatzeko "noizbait bozkatzeko aukera" egon behar dela esan du.

Podemosek erreferendumaren aldeko ekitaldi bat egin du gaur goizean Zaragozan, En Comu, IU eta En Marea koalizioekin batera. PDeCAT, ERC, EAJ, Compromis eta Mes Mallorca alderdietako ordezkariak ere bertan izan dira.

Colauk ohartarazi duenez, Kataluniak "egoera oso konplexua" bizi du, "agortutako" lurralde eredu baten ondorioz eta "urte askoz luzatu den krisi ekonomiko eta politiko larri" baten eraginez.

Gainera, "milaka katalanek" botoa emateko asmoa dutela esan ostean Espainiako Gobernuak hartutako neurriekin egoerak okerrera egin duela ziurtatu du.

"Zoritxarrez, bi aldeen arteko harremanek eta politikek izandako porrotak egoera honetara ekarri gaitu", ziurtatu du Bartzelonako alkateak. Dena dela, politikan "itxaropena" ezin dela galdu esan du, eta gobernuan dauden pertsonek "herritarren arazoei irtenbide bat bilatzeko gai direla pentsatzen dutelako" dela azpimarratu du.

"Katalunia eta Espainiaren arteko harremanen blokeoari aurre egiteko errespetuz eta elkarrizketa bultzatuz lan egin daitekeela uste dugu", esan du Colauk. Era berean, "herritarrak kontuan hartzen dituen beste politika eredu bat bultzatu" beharra dagoela esan du.

"Izugarria da"

"Egoitza publikoetan egindako miaketak, zigor handiegiak, kargu publikoen atxiloketak, mehatxu egin dieten alkateak, sedizio delitua leporatuta ikertutako pertsonak, Generalitatearen finantzekin egindako esku hartzea eta milaka polizia hartzen dituzten barkuak" jarri ditu adibide gisa Katalunian gertatzen ari dena "izugarria" dela esateko. Arrazoi horregatik, "oso kezkatuta" daudela gaineratu du.

Mariano Rajoyren Gobernua "noraino iristeko prest dagoen" galdetu dio Colauk bere buruari, eta Rajoyk  nahi ez duena egitera behartzen ari diotela dionean "bere asmoa Kataluniak porrot egitea edo herritarrak aurretik eramatea den" argitu dezala eskatu dio.

Dena dela, Kataluniak bizi duen egoera horri "guztion artean" irtenbide bat bilatzeko prest agertu da Bartzelonako alkatea, eta "inoiz baino beharrezkoagoa den" elkarrizketarako deia luzatu du.

"Herritar gehienentzat hobea den irtenbide onena bilatzeko orduan beti dago norberak bere ikuspuntua aztertzeko aukera, eta elkarrizketa aldarrikatzeko ausartak izan behar gara", esan du Colauk, Alderdi Popularrak izandako jarrera deitoratuz. "Espainiako presidentea ez bada horretarako gai, denon artean beste aukera batzuk azter ditzagun ", gaineratu du.

PSOEren erantzukizuna

Sozialistei irtenbide bat bilatzen laguntzeko eskatu die Colauk, eta Podemoseko koalizioekin batera Bartzelonako udal gobernuan daudela gogora ekarri die. Halaber, duela gutxira arte adostutako erreferendum batean erabakitzeko eskubidearen alde zeudela esan die. Hala, agortutako lurralde eredua alde batera utzi eta berri bat sortzeko unea dela ohartarazi die.

"PSOEk estatu-erantzukizuna aipatu du, eta gaur egun katalanei entzutea da ardura hori; ez PPrekin bat egitea".

Aragoiko Gorteetako presidenteari (Podemos) eraso egin diote

Violeta Barba Aragoiko Gorteetako presidenteari (Podemos) “urez betetako botila” bat jaurti diote manifestatzaileek, Zaragozan Elkarrekin Podemos egiten ari zen ekitaldian. Ez dio lesiorik eragin.

Parlamentu autonomikoko presidentearen gertuko iturriek jakitera eman dutenez, erasoa Barba segurtasun operatiboko buruarekin hitz egitera atera denean izan da; dirudienez, segurtasuna indartzeko esatera zihoan.

Une horretan, iturrien arabera, manifestatzaile bat gerturatu da eta “ia osorik zegoen” plastikozko botila bat bota dio. Bularrean kolpatu du.

Aragoiko Gorteetako presidentea, gertaeraren ostean, batzordera itzuli da eta normaltasunez jarraitu ditu gainerako hitzaldiak.Geroago, Twitterreko haren kontuan “ondo” dagoela adierazi du.

Gainera, manifestatzaile talde batek txistu egin die Elkarrekin Podemosen Batzordera joan diren pertsonei, Zaragozako pabilioitik ateratzen ari zirenean.

Batzordeak irauten zuela, pertsona talde bat bildu da ekitaldia gauzatzearen eta Kataluniako prozesu independentistaren aurka zeudela erakusteko. Ezkutu konstituzionala zuten bandera nazionalak erakutsi ditu, eta parte-hartzaile batzuei liskar egin die.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Berriak Politika Albisteak PSOE Bartzelona bideoak Kataluniako erreferenduma Espainiako Gobernua albisteak Espainia argazkiak Alderdi politikoak Gaurko azken orduko albistea