Politika -
Kataluniako erreferenduma
Puigdemont: 'Erreferenduma bermatzeko arrisku-planak prest ditugu'
Generalitateko presidenteak erreferenduma eta demokrazia defendatzen jarraitzeko dei egin die herritarrei, "Espainiako Gobernuaren erasoen aurrean".
Agentziak | Erredakzioa
Carles Puigdemontek jakinarazi du Generalitateak prest dituela Espainiako Estatuaren neurriei aurre egiteko "arrisku-planak" eta, beraz, urriaren 1ean herritarrek bozkatzeko aukera izango dutela ziurtatu du.
Hortaz, herritarrei beldurrik ez izateko eta erreferenduma eta demokrazia kalean "gizalegez eta irmotasunez" defendatzen segitzeko eskatu die.
"Kataluniako Gobernua prest dago Estatutik etorriko diren erasoei aurre egiteko", azpimarratu du Puigdemontek sare sozialen bidez zabaldutako adierazpen instituzionalean, Guardia Zibilak egindako polizia-operazioa aipatuz.
"Urriaren 1ean autodeterminazio erreferenduma egingo da, hala izatea bermatuko duten arrisku-planak prest ditugulako, baina, batez ere, Espainiako Gobernuaren nagusikeriaz eta gehiegikeriez nazkatuta dagoen gizartearen gehiengo handi baten babesa dugulako", nabarmendu du.
"Kontua jada ez da Estatuarekin zein lotura izan nahi dugun, kontua da askatasuna errespetatuko duen erregimen demokratiko batean bizi nahi dugun ala ez", adierazi du.
"Aste honetan Mariano Rajoyk marra gorri asko gainditu ditu, eta ez diogu induljentziarik zor; atxiloketak eta miaketak egin dituzte, webgunean itxi dituzte eta Kataluniako autonomia indargabetu egin dute Generalitatearen kontu korronteak legez kanpo blokeatuta", salatu du.
"Urriaren 1ean Kataluniako herritarrek bozkatzea galarazi nahi dute, eta horretara bideratu dute Estatuaren makinaria guztia", ohartarazi du.
Puigdemontek aitortu du "egun zailak" izaten ari direla Katalunian, baina bere burua "indartsu" ikusten duela erantsi du. "Estatu espainiarrak indarra soilik erabiltzen duen erregimen bat izango balitz bezala jarduten duen heinean, Kataluniako Gobernuak herritarrengandik jasotzen duen babesa gero eta handiagoa da", esan du.
"XXI. mendeko estatuak ez dira indar basatian oinarritzen, jendearen indarrean baizik", gaineratu du.
Hori dela eta, eskertu egin du Estatuko hiri eta herri ezberdinetan "Kataluniari elkartasuna adierazteko mobilizatu diren milaka lagunen ausardia eta konpromisoa".
Amaitzeko, Kataluniako herritarrei zuzendu zaie, eta kalean erreferenduma eta demokrazia defendatzen segitzeko eskatu die:
"Kataluniako herritarrei eskatu nahi diet urriaren 1era arte jarrai dezatela erreferenduma defendatzen, gogo handiz, gizalegez eta irmotasunez, orain arte bezala. Guztiok batuta jarraitzen badugu, guztiok ziurtasunez eta gizalegez jarduten badugu, erabat ziur nago estatu autoritario honek egin digun desafioa irabazi egingo dugula", azpimarratu du.