Politika -

'Gara' egunkarian elkarrizketa

ETA: 'Behin betiko su-eten egiaztagarri baten borondatea dago'

Gara egunkariak gaur publikatu duen elkarrizketa batean, ETAko bi kidek taldeak "urrutiago joateko aukera ere dagoela" ikusten duela esaten dute, "horretarako baldintzak betez gero".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email
Ezker abertzalea Aralar Eusko Alkartasuna

Gara egunkariak bi ETAko kideri egindako elkarrizketan, "helburua gatazka politikoari konponbide demokratiko bat bilatzea" dela esaten dute, "zauria betirako itxi behar da eta horrek denon erantzukizuna eskatzen du".

Elkarrizketa hori polo soberanistak larunbat honetan irteera baketsu bat bilatzeko idatzia aurkeztu aurretik egin dute. Bertan ETAko kideek prozesua "bideragarria izateko" beharrekoak diren baldintzak aipatzen dituzte: "Eragile guztiak baldintza berdinetan aritu ahal izateko beharrezko neurriak hartzea, eskubide zibil eta politikoak ezarri daitezela, euskal preso politikoei jarritako zigor gehigarriak baliorik gabe uztea eta, orokorrean, presio, esku-sartze eta indarkeria egoera desaktibatzea".

Halaber, ETAk esan duenez, "gatazkaren konponbideari bere osotasunean heldu gabe, borroka armatuaren desaktibatze huts batera murriztea dela inork uste badu, kalkulu okerra egingo du". "Euskal jendarteak konponbide justu eta iraunkorra eskatzen du, arazo politikoaren muinari heltzen diona".

Gainera, organizazioaren esanetan, "ETAk ez du protagonismo berezirik nahi". "ETAk prozesua elikatzeko, sendotzeko eta gorpuzteko ekarpen iraunkorra egingo du".

EAJ

EAJri dagokionez, ETAren arabera "PNVren erantzun ofiziala tamalgarria da" eta "Espainiako Gobernuaren itxikeriarekin lerrokazten ari da". "Beraiek jakingo dute zer mozkin jasotzen duten, baina argi izan behar dute ez dela euskal jendarteak espero duen erantzuna".

Mitchell Printzipioak

"Mitchel Printzipioek gatazka politikoa gainditzeko alde anitzeko elkarrizketa saioetan alderdi politiko guztiek onartu beharko lituzketen joko-arauak jasotzen dituzte. Hortaz, alderdiei dagokie printzipioekiko konpromisoa adieraztea", esan du organizazio terroristak, Mitchell Printzipioei dagokienez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea