Politika -
Politika orokorreko bilkura
Alonso: 'Urkulluren bideak Kataluniako basamortu berdinera garamatza'
Euskadiko Alderdi Popularreko presidentearen hitzetan, status berriaren proposamenak Espainiaren “suizidioa” suposatzen du.
Agentziak | Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariaren “euskal bidea” errefusatu du gaur Alfonso Alonso Euskadiko PPren presidenteak. Alonsoren ahotan, proposamenak “Kataluniakoa baino edulkoratuagoa ematen du, baina basamortu berdinera garamatza”. Erantsi duenez, status berriaren proposamenak Espainiaren “suizidioa” suposatzen du.
Urkulluren hitzaldiari erantzun dio Alonsok Politika Orokorreko Bilkuran, Eusko Legebiltzarrean.
EAEko PPren buruzagiak kezka azaldu du; izan ere, Alonsoren hitzetan, lehendakariak autodeterminazio eskubidea aldarrikatu du Legebiltzarrean.
“Euskal bidea benetako elkarrizketarena izan behar da. Gaur proposatu duzunak edulkoratuagoa eta Kataluniako adiskideena baino bigunagoa ematen du, baina basamortu berdinera garamatza”, ohartarazi du.
Kataluniako gatazka konpontzeko, Gobernu zentralaren eta PPren elkarrizketarako borondatea defendatu du Alonsok. Urkulluren kasua “horren adibide bizia” dela nabarmendu du.
"Espainiaren suizidioa, modu adostuan, baina bere buruaz beste egitea”
Alonsoren ahotan, Urkulluren status berri eta estatu konfederalaren proposamenak “Espainiaren suizidioa” suposatzen du, “modu adostuan, baina Espainiak bere buruaz beste egitea da”. Marko juridikoaren apustua zein den argitzeko eskatu dio PPko ordezkariak lehendakariari.
Bestalde, falta diren eskumenen txosten eguneratua aztertzeko konpromisoa hartu du Alderdi Popularreko buruzagiak. Hala ere, garrantzitsuena “herritar bakoitzari komeni zaiona bilatzeko lankidetza da”, azpimarratu du.
Bakea eta elkarbizitzari dagokionez, lanean ari den batzordea ETA gaitzetsi ez dutenen esanetara dagoela salatu du Alonsok, EH Bilduri erreferentzia eginez.
Estelada eta erreferendumeko boto-txartelak Legebiltzarrean
Alonso hitza hartzera zihoanean EH Bilduko legebiltzarkideek estelada bat eta urriaren 1eko erreferendumerako boto-txartelak erakutsi dituzte. Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteak eskatuta kendu dituzte.