Politika -
Katalunia
Junqueras: 'Rajoyren aurkako zentsura-mozio onena U-1eko erreferenduma da'
Generalitateko presidenteordearen esanetan, atzoko operazioak "joko-arauak aldatu ditu", eta herritarrei mobilizatzeko deia egin die.
Agentziak | Erredakzioa
Oriol Junqueras Generalitateko presidenteorde eta Ekonomia kontseilariak autodeterminazio erreferendumean bozkatzeko deia egin die katalanei. Izan ere, horren iritzian, "Rajoyren aurkako zentsura-mozio onena urriaren 1eko erreferenduma da. Espainian aldaketarako aukerarik egoteko, aurrena Katalunian demokraziak irabazi behar du".
TV3 telebista kateari eskainitako elkarrizketa batean aitortu duenez, atzoko polizia-operazioak "joko-arauak aldatu ditu". Dena dela, itxaropentsu eta irmo agertu da; izan ere, "agerian geratu da herriak bakarrik salbatu dezakeela herria".
Junqueras hunkitu egin da atxilotu dituzten Ekonomia Kontseilaritzako lankideez hitz egitean: "Jende ona da, langilea eta eraginkorra. Herri honen mesedetan gauza oso garrantzitsuak egin dituzte". "Gaur egoera oso ezberdina da. Ekonomia Kontseilaritzako lantaldearen erdia atxilotu dute. Kontseilaritza honen lana oztopatzeko borondate argia dute", gaineratu du.
Presidenteordearen iritzian, Estatua krisian dago, eta laster atxiloketa gehiago egon daitezkeela ohartarazi du: "Barne Ministerioaren estoldak erabili dituzte. Nork dio ez dituztela beste alderdi politikoen kontra berriro erabiliko?".
Estatuaren ekintzen aurrean, mobilizatzeko deia egin die "herritar guztiei, oinarrizko eskubide zibil, politiko eta sozialak babesteko". "Ez zaitzatela indarra erabiltzen duten eta jendearen alde lan egitea oztopatzen saiatzen diren horiekin nahasi", esan die herritarrei.
Junquerasen arabera, "jendeak jakin behar du nortzuk diren zintzoak eta nortzuk ustelak, nork ez duen ustelkeria kasurik eta nork duen alderdi guztia ikerketapean. Gakoa da jendeak demokrazia lortzeko itxaropena eta poza mantentzea".