Politika -
politika orokorreko bilkura
Urkulluk, Kataluniaz: 'Inposizioa edo zigor bidea ez dira konponbideak'
Gainera, lehendakariak prozesu politiko eta instituzionala abiaraztea proposatu du, euskal gizartearen eta gizarte katalan eta espainiarraren nahiak bideratzeko.
iker gonzalez | eitb.eus
Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi duenez, "inposizioa, bide judiziala edota zigor bidea ez dira, inondik inola ere, konponbideak" Kataluniako gatazkari aurre egiteko.
Gaur, osteguna, Politika Orokorreko Osoko Bilkura ari dira egiten Eusko Legebiltzarrean. Urkullu 09:25 inguruan heldu da aretora, eta bera izan da lehena hitza hartzen.
Lehendakariak, Kataluniari buruz egindako bost puntuko adierazpen batean, prozesu politiko eta instituzionala abiaraztea proposatu du, "espainiar, kataluniar zein euskal gizartearen nahiak" modu demokratikoan bideratzeko.
Hala, Gobernu espainiarrak negoziazio politikoari bidea zabaldu beharko liokeela nabarmendu du: "Elkarrizketarako borondatea keinu oso samurren bidez adierazten da, elkarrizketaren atea zabaltzea bezain samurra".
"Abiapuntua gizartearen gehiengoaren borondateen arteko gatazka aitortzea da, Katalunian, Euskadin eta Espainiako Estatuan, proiektu nazionalari dagokionez, elkarrengandik urrun agertzen direnak", lehendakariaren arabera.
Gainera, Urkulluk "haustura sozial edo politikoa" saihestea garrantzi handikoa dela azpimarratu du. Horren ildotik, lehendakariaren esanetan, "gizarteek eta herriek duten erabakitzeko eskubideari adostasunaren bidetik, erabaki horiek hartzeko aukerak eskaintzea" da etorkizuna.
Lehendakariak Katalunia izan du hizpide lehen minutuetan, Eusko Jaurlaritzaren politikaren ildo nagusiak azaldu baino lehen. Halaber, legealdiaren lehen urteko errepasoa ere egiteko erabili du agerraldia.