Politika -
operazioa U-1aren aurka
Puigdemont: 'Estatu espainiarrak salbuespen egoera aplikatu du Katalunian'
Kataluniako presidentearen esanetan, Espainiako Gobernuak "erregimen totalitarioetatik banatzen zuen marra gorria zeharkatu" eta "Kataluniako autogobernua indargabetu du".
eitb.eus
Carles Puigdemont Kataluniako Gobernuko presidenteak gaur, irailak 20, esan duenez, "Espainiako Estatuak Kataluniaren autogobernua bertan behera utzi, eta Katalunian salbuespen Estatua ezarri du, de facto".
Puigdemontek adierazpen instituzionala egin du Generalitatearen Jauregian, bere Gobernuko kide guztiak atzean zituela, Guardia Zibilak Kataluniako hainbat kargudun politiko atxilotu eta miaketak egin eta gero.
Presidentearen hitzetan, "Espainiako Gobernuak erregimen totalitarioetatik banatzen zituen marra gorri guztiak zeharkatu ditu", eta hau gaineratu du: "Urriaren 1ean etxetik irtengo gara, boto paper bat hartuta, eta erabili egingo dugu".
"Urriaren 1ean hitzordu bat dugu demokrazia larderia erabiltzen duen erregimen zapaltzaile baten aurrean defendatzeko", esan du.
Puigdemontek erantzun bakezale eta demokratikoa soilik egitera deitu ditu herritarrak, eta azaldu du "dagozkion erantzun bateratuak" agente sozial eta ekonomikoekin aztertuko dituela, baina ez du bat ere aurreratu.
Operazioa gorabehera, Puigdemontek esan du Kataluniako Gobernuak "zilegitasuna" duela, bere aburuz, erabakiak hartzen jarraitzeko, uste baitu Kataluniako Parlamentuaren bermea eta 2015eko irailaren 27ko kataluniar hauteskundeetako garaipenaren babesa dituela.
Estatuak asteazken honetan erakutsi duen jokabidearekin amorratuta dauden Kataluniako eta hortik kanpoko demokratei hau esan die: "Gobernuak beti defendatzeko konpromisoa berresten du. Ez dugu onartuko garai zaharretara itzultzea. Ez dugu onartuko garai berriak erabakitzen ez uztea".
"Ez dugu atzera egingo, ez baitugu horretarako eskubiderik. Herritarrek beren etorkizuna erabakitzeko duten eskubidea defendatuko dugu", esan du presidenteak kabineteko kide guztiak inguruan zituela.
Puigdemontek adierazi du Espainiako Gobernua "lotsa demokratikoa" bilakatu dela eta Katalunia kasu bakana dela Europar Batasunean.
"Kataluniako Gobernua bertan behera utzi eta modu ez zilegian beren kontrolpean hartu izana salatu nahi dugu, horrek ez baititu demokrazioaren oinarri nagusiak errespetatzen", gehitu du Puigdemontek.
Kataluniako presidentearen ikuspegitik, Katalunian egunotan Konstituzioa eta Europar Batasuneko Giza Eskubideen Karta hautsi dituzte, eta agindu du gaur, asteazkenarekin, atxilotu dituzten goi kargudun eta teknikariek babes eta laguntza juridiko osoa izango dituztela.
Forcadell: "Mehatxuen aurrean, irribarreak eta botoak"
Carmen Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidenteak esan du Estatuak "politikari uko" egin diola eta "errepresioaren atea ireki" duela erreferenduma galarazteko. Ildo horretan, beldurrik ez izateko, eraso antidemokratikoen aurrean batuta mantentzeko eta urriaren 1ean bozkatzera joateko deia luzatu die herritarrei.
Nuria de Gispert, Ernest Benach eta Joan Rigol Kataluniako Parlamentuko presidente ohiak eta auzipetuak izan diren Mahaiko lau kideak alboan zituen egin du agerraldia Forcadellek.
Kataluniako Ganberako presidenteak azpimarratu du gaur Estatuak "Kataluniako erakundeen eta autogobernuaren kontrako erasoa" egin duela. "Kataluniako herriaren duintasunari egin diote eraso", erantsi du.
Erreferenduma ekiditeko asmoz, Espainiako Gobernuak "Kataluniako autonomia baliorik gabe utzi eta salbuespen egoera ezarri du", ohartarazi du.
"Hau al da Kataluniako herritarren gehiengoarentzat duzuen erantzun bakarra? Bozkatzeko nahiaren aurrean mehatxuak eta beldurra soilik eskaini dezakezue?", galdetu dio Estatuari.
"Guk politika gehiagorekin erantzun behar dugu, demokrazia gehiagorekin; eta irmotasun demokratikoa, baketsua eta lasaia erakutsi behar dugu, probokazioetan erori gabe", erantsi du.
"Miaketen aurrean, krabelinak eta boto-paperak. Mehatxuen aurrean, irribarreak eta botoak. Gure indarra demokrazia da", nabarmendu du.
Gauzak horrela, urriaren 1ean bozkatzera joateko dei egin die herritarrei: "Hautestontziak badaude, Kataluniak irabaziko du, emaitza edozein dela ere", gaineratu du.
(Ada Colau Bartzelonako alkatea. Argazkia: EFE)
Atzera egin dezala eskatu dio Colauk Rajoyri
Errepresioa uzteko, Kataluniako erakundeei autogobernua bueltatzeko eta elkarrizketaren bideari hel diezaiola eskatu dio Ada Colauk Mariano Rajoyri. "Beti da negoziazio politikorako garaia", erantsi du.
Adierazpen instituzional baten bidez, Bartzelonako alkateak azpimarratu du "Kataluniako erakundeen ondoan" egongo dela, "autogobernuaren defentsan".
"Katalanistak kalera aterako gara Kataluniako herritarrek eskubideak eta askatasuna defendatzera, eta ez gaituzte beldurtuta edo banatuta topatuko", nabarmendu du.
Gertatzen ari den guztia "Kataluniako subiranotasunaren aurkako erasoa" dela salatu du. "Espainiako Gobernuak ez du jakin erantzun politiko bat ematen herritarrengandik –eta ez alderdiengandik- atera den aldarrikapen demokratiko bati", gaineratu du.