Politika -

EAJ-RI ZUZENDUTA

EH Bildu: 'Estatus berriak erabakitzeko eskubidea aitortu behar du'

Miren Larrion EH Bilduko legebiltzarkideak EAJri esan dio koalizioak ez duela “erdibiderik” onartuko bihar, asteazkenarekin, berriz martxan jarriko den Autogobernu Lantaldean.

Miren Larrionek eta Jasone Agirrek Politika Orokorreko Eztabaidan EH Bilduk esango duena aletu dute
Miren Larrionek eta Jasone Agirrek Politika Orokorreko Eztabaidan EH Bilduk esango duena aletu dute
EH Bildu: 'Estatus berriak erabakitzeko eskubidea aitortu behar du'

1:27

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduk EAJri esan dionez, ez du “erdibiderik” onartuko Euskadiko estatus politikoa aldatzeko orduan, eta, hori dela eta, euskal herritarren “erabakitzeko eskubidea” onartuko lukeen akordio batean soilik hartuko luke parte koalizioak Autogobernu Lantaldean.

Miren Larrion eta Jasone Agirre EH Bilduko legebiltzarkideek agerraldia egin dute gaur Gasteizen, ostegunean Eusko Legebiltzarrean, Politika Orokorrari buruzko Eztabaidan, koalizioak ardatz izango dituen ildoak aletzeko: arlo sozioekonomikoa eta enplegua, bakea eta bizikidetza, autogobernua eta burujabetza.

EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean asteazkenean berriz lanean hasiko den Autogobernu Lantaldean hartuko duen jarrerari dagokionez, Larrionek adierazi du EH Bilduk ez duela bertan akordiorik hitzartuko, eztabaidagai den estatus politikoan erabakitzeko eskubidea aitortuta ez badago.

“Estatus berriak erabakitzeko eskubidea jaso behar du, halabeharrez. EH Bilduk bermatuko du testuak gure herriaren erabakitzeko eskubidea jasotzea, eta eskubide hori gauzatzeko mekanismoak azaltzea”, esan du Larrionek.

"Aldebikotasuna"

Larrionek Euskadiren eta Estatuaren arteko “aldebikotasunaz” hitz egiten jarraitzea aurpegiratu dio Iñigo Urkullu lehendakariari, onartu eta 40 utera Gernikako Autonomia Estatutua "bete gabe baitago".

EH Bilduko legebiltzarkidearen esanetan, benetako aldebikotasunak dakar “edozein nazio beste bat baino gehiago ez izatea, baina gutxiago ere ez”.

Larrionen ustez, erabakitzeko eskubidearen aldeko urratsak egin nahi dituenak ezin du akordiorik egin eskubide hori onartzen ez duenarekin eta “horren aldekoak kartzelatzeko mehatxua egiten duenarekin”.

Katalunia

Podemos alderdiak Katalunian erreferendum hitzartua egite aldera proposatu duen Estatu mailako akordioari buruz, Larrionek ontzat jo du Estatuan “erabakitzeko eskubidearen eta autodeterminazioren aldeko ahotsa sortzea”, baina EH Bilduk “oraingoz” ekimen horretan parte hartzeko asmorik ez duela aurreratu du, “beste lehentasun batzuk” baititu, hala nola Katalunian urriaren 1erako deitu duten galdeketa babestea.

Ekonomia eta bizkidetza

Larrionek osteguneko eztabaidan EH Bilduk beste esparru batzuetan esango dituenak ere gogoratu ditu. Ekonomiari buruz, Euskadin “desberdintasuna” bukatzeko neurriak eskatuko dituzte, eta erakundeen lidertza eskatu dute krisian dauden enpresei laguntzeko.

Bizikidetzaren arloan, “biktima guztiak” aitortzera eta memoria aberastera bideratutako akordioak egitearen alde agertu da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Legebiltzarra EH Bildu Nafarroa