Politika -
Netflixek ekoitzia
'Fe de etarras' filmaren kartelak hautsak harrotu ditu sare sozialetan
Hainbat pertsonak Borja Cobeaga donostiarrak zuzendutako filma boikoteatzea eskatu dute, eta horrek erantzun du umorea “fanatismoaren eta indarkeriaren aurkako arma adimenduna” dela.
Agentziak | Erredakzioa
Netflixek Donostian “Fe de etarras” Borja Cobeaga zinemagilearen komedia berria iragartzeko jarri duen kartelak hautsak harrotu ditu Twitterren, eta sare sozial horren hainbat erabiltzailek filmari boikota egitea eskatu dute.
Kartelean "Yo soooy españooool, españoool, españoooool” mezua ageri da soilik. Azken hitzak lerro gorri batez estalita ageri dira, eta, horien azpian, pelikularen izenburua eta zinema aretoetara iritsiko den eguna, urriaren 12a, irakur daitezke.
Javier Camara, Julian Lopez, Gorka Otxoa, Ramon Barea, Miren Ibaguren eta Tina Sainz aktoreak bildu dituen filma Belodromoan ikusi ahalko da, ostiralean, hilak 22, hasiko den Donostiako 65. Zinemaldian.
Jose Alcaraz Martos Voces contra el Terrorismo elkartearen presidenteak iragarkia kritikatu du Twitterreko bere profilean: “Seguru ETAk Netflixeko zuzendarien senideak hil izan balitu ez zutela hilketen parodiarik egingo. Beste adar-jotze bat”.
Halaber, Alfonso Sanchez AVT Terrorismoaren Biktimen Elkartearen presidenteak esan du “gai labaina” dela, eta, haren ustez, “gauza askoren inguruko txantxak egin daitezke ETAren ingurukoak egin aurretik”.
“Ez dugu uste arinkeriaz hartzeko moduko gaia denik, zauri asko zabalik baitaude oraindik eta familia apurtu mordoa. Iragarkia oso gustu txarrekoa iruditzen zaigu, eta, gainera, ETAk bost pertsona hil zituen tokitik 300 metrora jarri dute", esan du.
Cobeaga, “harrituta”
Bestalde, Borja Cobeaga filmaren zuzendaria “harrituta” agertu da zalapartaren aurrean, “filma ez baita oraindik estreinatu eta inork ez baitu ikusi oraindik” eta aurrerapenetan ez baitago inor min lezakeen “ezer”, donostiar zinemagileak baieztatu duenez.
“Bi alde nabarmen ikusten ditut Vaya semanita-ren eta Fe de etarras-en artean: 2003an ETA jardunean zen, eta Twitter ez zen existitzen”, esan du sare sozial horren bidez. Horren ildotik, zuzendariak esan du garai hartan ETBko saioak ez zuela liskarrik eragin eta biktimak ez zirela inola ere irainduta sentitu. Aitzitik, laudorioak jaso zituen herritarrek bizi zuten “egoera izugarria arintzen lagundu zuelako”. Orain, formula horren zinemarako egokitzapena aurkeztuko du, haren hitzetan.
Umorea, “fanatismoaren aurkako arma”
“Vaya semanita-k oraingo boikot eskaera eta protesta guztiek baino askoz gehiago egin du indarkeria amaitzearen alde. Okerreko helburuaren aurka ari gara”, esan du Cobeagak umorea “fanatismoaren eta indarkeriaren aurkako arma adimenduna” dela erantsi aurretik.
“Terrorismoaren aurka lor daitekeen garaipen handienetako bat txiste izaerara murriztea da”, baieztatu du Cobeagak, eta gehitu du umorea ez dela arinkeriaren sinonimo, ezpada jardunbide “ausart, heldu eta adimenduna”. Horren ildotik, “edertzat” jo du Twitterreko erabiltzaileek Abdullah Ahram Perezi (“Tomasaren semea” deitu zioten), Estatu Islamikoak gaztelaniaz botatako lehen mehatxuaren egileari, barre egin zionekoa.
Cobeaga (Donostia, 1977) “Ocho apellidos vascos”eko gidoigileetako bat da eta “Negociador” filma zuzendu zuen, Espainiako Gobernuaren eta ETAren arteko negoziazioak istoriogai hartuta, eta filma ikustera gonbidatu du publikoa, nork bere iritzia izan dezan. “Lasai nago, jakin baitakit ez dela iraingarria”, esan du.