Politika -
EH Bildu
Aralar desegitearekin agertoki politikoa 'argitzen' dela uste du Zabaletak
Aralarreko presidenteak azaldu duenez, “hurbilekoen eta militanteen erabateko babesa” jasotzen ari dira, alderdia desegiteko proposamena jakitera eman ondoren.
Agentziak | Erredakzioa
Abenduko kongresuan alderdia desegiteko erabakiarekin agertoki politikoa ‘argitzeko’ ekarpen “apala” egingo dutela adierazi du Patxi Zabaleta Aralarreko presidenteak.
Rebeka Ubera Aralarreko idazkari nagusiarekin batera, prentsaurrekoa eman du Zabaletak. Presidentearen hitzetan, ekarpen politikoa da, “hitzaren zentzurik politikoenean”.
“Helburu guztiak bide politiko eta demokratietatik lortu behar dira beti”, azpimarratu du. “Beharrezko tresnak garaietarako egokiak izan behar dira”, erantsi duenez.
Zentzu horretan, Aralar “ez da tresna egokia, bere garaian izan bazen ere”, esan du. Aralarreko agintariak baieztatu duenez, “hurbilekoen eta militanteen erabateko babesa” jasotzen ari dira, alderdia desegiteko proposamena jakitera eman ondoren.
Zabaletaren ahotan, Aralarreko militante gehienak EH Bilduko kideak dira, baina ez guztiak, “bakoitzak askatasunez hartutako erabakia delako”.
Datak: Urriak 13, azaroak 17 eta abenduak 2
‘Etorkizuneko erronka’ txostena alderdiak militante bakoitzari bidaliko dio urriaren 13an. Militanteek desegiteari zuzenketak aurkezteko epea azaroaren 17an bukatuko da.
Abenduaren 2an, alderdiaren memoria aurkeztuko dute kongresuan. Azken kongresuan “batasunaren alde” agertu ziren dagoeneko.