Politika -
Erreferendumaren antolaketa
Kataluniak 11 egun geroago argitaratu du erreferenduma egiteko debekua
Inkonstituzionaltasun legea onartu eta hamaika egunera argitaratu du Generalitateko egunkari ofizialak erreferenduma bertan behera uzteko Auzitegi Konstituzionalak aurkeztutako helegitea.
Agentziak | Erredakzioa
Generalitateko egunkari ofizialak gaur argitaratu du erreferendumaren legea bertan behera uzteko erabakia, Auzitegi Konstituzionalak Espainiako Gobernuak aurkeztutako inkonstituzionaltasun helegitea onartu eta hamaika egunetara.
Jakinarazpena Kataluniako Gobernuko kide eta mahaikide guztiei, Hauteskunde Batzordeko ordezko sei epaileei eta Kataluniako Parlamentuko abokatuei helarazi dietela jasotzen du egunkari ofizialak, Europa Press albiste agentziak gaur jakinarazi duenez.
Auzitegi Konstituzionalaren abisua jaso dituzten guztiek ebazpena bete eta erreferenduma antolatzeko lanekin lotutako edozein tramite eragotzi behar dutela gogorarazi die probidentziak.
Jordi Turull Generalitateko Presidentziako kontseilariak asteartean esan zuen ez dakiela zergatik ez duen oraindik horren berri eman egunkari ofizialak, Estatuko Aldizkari Ofizialak hurrengo egunean argitaratu baitzuen.
Bestalde, Turullek urriaren 1eko deialdi dekretua babestuko duela berretsi zuen, eta, beraz, argi utzi zuen ez zuela onartuko Auzitegi Konstituzionalaren erabakia.