Politika -
Katalunia
ANC: 'Kentzen diguten kartel bakoitzarengatik, beste hamar jarriko ditugu'
Bartzelonako erdigunean erreferendumaren aldeko kartelak jarri ditu Batzar Nazionalak, "Fiskaltza desafiatzeko asmoz, berari ez dagozkion funtzioak bereganatu dituelako".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Urriaren 1erako deituta dagoen erreferendumaren eta horren kanpainaren aurka Fiskaltzak agindutako jazarpena salatu du igande honetan Jordi Sanchez Kataluniako Batzar Nazionaleko presidenteak. Gainera, ohartarazi duenez, urriaren 1ean katalanek bozkatuko dute, eta kanpaina normaltasunez abiatuko da: "kentzen diguten kartel bakoitzarengatik, beste hamar jarriko ditugu".
Bartzelonako erdigunean erreferendumaren eta independentziaren aldeko kartelak itsatzen egon da gaur Kataluniako Batzar Nazionala. "Fiskaltza desafiatu nahi du" ekintza horrek, Sanchezen hitzetan, "berari ez dagozkion funtzioak bereganatu dituelako".
ANCren presidenteak esan duenez, "Udaltzaingoaren agintea eta ahalmena kendu dizkiete Kataluniako alkateei", herritarren eta agenteen artean tentsioa eragiteko asmoz. Hori dela eta, kanpaina-ekitaldiak egitera kalera ateratzeko deia egin du, "ez baita delitua".
Giza-kartelak
Erreferendumean baietza bozkatzearen aldeko kartelak jartzeaz gain, giza-kartelak paseatu dira hiriko erdigunetik. Pertsona horiek kartelak eraman dituzte atzealdean eta aurrealdean. Independentziaren aldeko mezuak zabaldu dituzte, eta zalantzan jarri dute hainbat alorretako egungo egoera, hala nola, bidesariak, pobrezia energetikoa, immigrazioa eta azpiegiturak.