Politika -
BATERAGUNE AUZIA
Otegiri inhabilitazioa 2021era arte mantentzea erabaki du Auzitegi Gorenak
Atzera bota du Otegiren defentsak aurkeztutako helegitea, eta Auzitegi Nazionalaren epaia baieztatu du. Beraz, kargu publikoan aritzeko debekua izango du 2021eko otsaiaren 28ra arte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiari ezarritako inhabilitazioa 2021eko otsailaren 28ra arte mantentzea erabaki du Auzitegi Gorenak, aurrez Auzitegi Nazionalak emandako epaia berretsi du.
Auzitegi Nazionalak Otegiri hamar urteko espetxe-zigorra eta inhabilitazioa ezarri zion Bateragune auziagatik. Gorenak kartzela-zigorra sei urte eta erdira murriztu zion. Zigorrak kargu publikoan aritzeko debekua barneratzen zuen.
Buruzagi abertzaleak Auzitegi Gorenera jo zuen, kartzela-zigorra 2016ko martxoan bukatu zela eta inhabilitazioa osagarri bat zenez, bigarren mailako zigorra espetxearekin batera amaitu zela argudiatuz.
Gorenak Otegiren defentsaren argudioak errefusatu ditu: lehenik, epaia irmoa delako, hots, Otegik haren aurkako helegitea garaiz aurkeztu ez zuelako; bigarrenik, bi inhabilitazio zigor dituelako, bat espetxe zigorrarekin batera amaitu zena eta horrekiko independentea dena bigarrena.
Auzitegi Nazionalaren arabera, nahiz eta Arnaldo Otegi 2016ko martxoaren 1ean espetxetik atera, sufragio pasiborako eta kargu publikoan aritzeko inhabilitazioa 2021era arte ez du beteko.