Politika -
Salaketa
Gipuzkoako Foru Aldundiak frankismoaren krimenak salatuko ditu
Diktadura frankistaren biktimek noizbait justiziarako eskubidea izatea lortu nahi dutela azaldu du Maribel Vaquero Aldundiko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen foru zuzendariak.
Agentziak | Erredakzioa
Gipuzkoako Foru Aldundiak frankismoaren krimenen aurkako salaketa jarriko duela iragarri du. Maribel Vaquero Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen foru zuzendariak azaldu duenez, diktadura frankistaren "biktimek justiziarako eskubidea izatea" lortu nahi dute neurri horrekin. Frankismoak gerra zibilaren garaian fusilatutako 980 gipuzkoarren kasu bildu dituen txosten baten ondorioz hartu dute erabakia.
Vaquerok Violencia masiva, fosas comunes y derechos humanos. Perspectivas desde las ciencias forenses y sociales uda ikastaroan hartu du parte gaur. EHUko Kriminologia Institutuak antolatu eta Pako Etxeberriak zuzentzen duen ikastaroa da. Gipuzkoako Foru Aldundiak arlo honetan egiten duen lana izan du mintzagai. Foru arduradunak gogoratu duenez, Gipuzkoako Batzar Nagusiek 2016ko urriaren 5eko osoko bilkuran eginiko eskariari erantzuten dio epaitegietara jotzeko erabakiak. Eskaera horren bidez, "Estatu espainiarreko epaitegietan ekimenak irekitzea ahalbidetu zezala" eskatu zioten Batzar Nagusiek Aldundiari, diktadura frankistak "Gipuzkoan eginiko gizateriaren aurkako krimenengandik izan ditzakeen erantzukizunak" argitzeko.
Eskaria jaso ostean, EHUko Giza Eskubide eta Botere Publikoen Katedrara jo zutela zehaztu du Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendariak, Gipuzkoan frankismoaren krimenen aurkako salaketak jartzeko aukerak aztertzeko. Vaqueroren esanetan, Estatuko fiskaltzaren eta epaileen jarrerek "eragotzi eta geldiarazi" egiten dituzte delitu horien aurkako neurriak.
Zentzu horretan, Giza Eskubide eta Botere Publikoen Katedraren txostenean oinarrituta, Foru Aldundiak giza eskubideen defentsa duela xede nabarmendu du. Horrenbestez, "zuzenbide hori hobetu dadin beharrezkoak diren ekintzak egingo ditugu", adierazi du. "Salaketak jarriko ditugu ezagutzen ditugun delituen aurka, horretarako ditugun datu baseak baliatuz. Aldi berean, eskura dauzkagun informazio baliabideekin eta beste motatako laguntzekin jarraituko ditugu babesten gertaera lazgarri hauen biktimentzat egia, justizia eta erreparazioa lortzeko lanean ari diren elkarteak", esan du.