Politika -
Kataluniako erreferenduma
Fiskaltzak erreferendumari buruz emandako aginduak jakinarazi ditu Traperok
Erreferendumaren antolaketarekin lotutako guztia ikertzeko agindu die Fiskaltzak Esquadra Mossoei, Guardia Zibilari, Espainiako Poliziari eta Kataluniako udaltzainei.
agentziak | erredakzioa
Josep Lluis Trapero Esquadra Mossoen maiorrak Fiskaltzak urriaren 1erako deituta dagoen erreferendumaren prestaketa lanak ikertzeari buruz emandako agindua jakianarazi die agenteei eta, horretarako, "Fiskaltzaren 2/2017 instrukzioa betetzeko beharrezko lanak abiatu" beharko liratekeela esan du.
Europa Pressek kontsultatu ahal izan duen barne ohar baten bidez zabaldu du oharra, agindua jasotzeko Kataluniako Fiskaltzaren aurrean agertu den egunean, Polizia Nazionalaren eta Guardia Zibilaren buruekin batera.
Aipatutako oharrean, lanak Informazio Polizia etxe Nagusiari dagokiola (Zerbitzu Zentralen edo Lurraldeko Unitateen bidez) adierazi du, horrek egingo baititu txostenak Kataluniako Fiskaltza Nagusiarentzat, edo Probintzia Fiskaltzarentzat, dagokionean.
Hala, Fiskaltzari igorri beharko dizkiote eta, gainera, baliteke "aurretik" egindako lanaz ere baliatu behar izatea "larrialdi egoerak berehala jardutea eskatzen badu".
Fiskaltzaren 3. atala eta 5. xedapena betetzeko, Mossoen barneko oharrak bere osotasunean jaso du, unitate guztien artean zabaltzeko, "unitate horietako funtzionario guztiek horren berri izan dezaten".
Atzo, jarraibide zehatzak eman zizkien Kataluniako Fiskaltza Nagusiak Esquadra Mossoei, Guardia Zibilari eta Espainiako Poliziari. Autodeterminazio erreferenduma egiteko material guztia, hautetsontziak barne, konfiskatzeko agindu zien, "delitu bat egin ez dadin".
Bilera egin ondoren, agiria kaleratu zuen Fiskaltzak polizia-talde guztiei eskari bat egiteko: "Legez kanpoko erreferenduma antolatzeko eta egiteko agintariek, funtzionarioek eta norbanakoek ematen dituzten pauso ororen kontra egiteko".
Zehatz-mehatz esanda, "hautetsontziak, bozkatzeko gutun azalak, hauteskunde mahaietako kideentzako eskuliburuak, hauteskunde inprimakiak, hauteskundeetako propaganda, bitarteko informatikoak edota legez kanpoko erreferenduma zabaltzeko, promozionatzeko eta gauzatzeko material guztia" konfiskatzeko agindu zien.
Aginduak udaltzainei ere eragiten die
Esquadra Mossoei, Guardia Zibilari eta Espainiako Poliziari agindu bezala, Kataluniako hiri eta herri guztietako udaltzaingoei exijitu die Fiskaltzak erreferendumaren antolaketarekin lotutako guztia iker dezatela.
Bartzelona, Tarragona, Lleida eta Gironako fiskaltzek bidali dute jada jakinarazpen hori udaletxe guztietara.
"Legez kanpoko erreferenduma antolatzeko edozer ikertzeko eta erreferenduma prestatzeko edo gauzatzeko beharrezkoak diren tresna guztiak atzemateko" agindua helarazi diete udaltzainei.