Politika -
Katalunia
Mossoen lehentasuna ez da hautetsontziak kentzea, Puigdemonten esanetan
Generalitateko presidenteak azpimarratu duenez, Mossoen lehentasuna herritarren segurtasuna bermatzea da, eta horiek bakean uztea eskatu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak gaur azpimarratu duenez, Esquadra Mossoen lehentasuna ez da hautetsontziak kentzea, herritarren segurtasuna bermatzea baizik. Halaber, urriaren 1eko erreferendumaren atarian, Mossoak 'bakean uzteko' eskatu du.
Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiko Fiskaltzak bilera batera deitu ditu Josep Lluis Trapero Mossoen burua eta Guardia Zibilak zein Espainiako Polizia Nazionalak Katalunian duten buruak, urriaren 1eko erreferendumerako prestaketa lanei buruzko azalpenak emateko.
RAC 1 irrati kateari eskainitako elkarrizketan adierazi duenez, "Esquadra Mossoen lehentasuna herritarren segurtasuna bermatzea da", ez lurraldean barreiatutako 6.000 hautetsontzien bila ateratzea. Ildo horretan, urriaren 1erako Katalunian independentziari buruz galdetzeko deitutako erreferenduma egin egingo dela nabarmendu du.
Mossoek hautetsontziak erretiratzeko agindu judizial bat jasotzen badute, "egin beharrekoa" egingo dute, hots, "herritarren eskubideak defendatuko dituzte eta horien segurtasuna bermatuko dute", eta ez dira helburu horretatik "desbideratuko", horren arabera.
Puigdemonten hitzetan, Mossoek ez dute politikarik egin behar eta beren lana besterik ez dute egin behar. Kataluniako Gobernuaren presidenteak gaineratu duenez, "erreferendum bat antolatzea ez da delitua".