Politika -

Erreferenduma Katalunian

Puigdemont: 'Beldurra sortzeko estrategia porrot egiten ari da'

Guardia Zibilak El Vallenc astekariaren lokala miatu izana deitoratu du Generalitateko presidenteak, eta Diadan parte hartzeko deia luzatu du.

Puigdemont, Generalitateko presidentea. Argazkia: EFE
Puigdemont, Generalitateko presidentea. Argazkia: EFE
Galdeketa legitimatzeko berme nagusia herritarrak direla dio Puigdemontek

1:43

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako erreferendum legea bertan behera uztea erabaki zuen arren, galdeketak aurrera jarraitzen duela ziurtatu du larunbat goiz honetan Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak. Izan ere, lege horrek herritarrek dituzten eskubideak oinarri hartzen dituela azpimarratu du, autodeterminazioa kasu, eta giza eskubideek hori babesten dutela nabarmendu du.

PDeCAT alderdiaren Batzar Nazionalean egindako hitzaldian, Kataluniako Parlamentuak onartutako legea ezin duela "Espainiako Gobernuarekin lotuta dagoen eta zilegitasunik ez duen Auzitegi Konstituzional batek" bertan behera utzi ziurtatu du Puigdemontek.

Puigdemonten esanetan, urriaren 1a baino lehen katalanak "paretaren kontra" jartzen ahaleginduko da Espainiako Estatua. Bere hitzaldian, "espainiar agintariek Kataluniako Gobernuak bere lana amaitu eta dena martxan" duela badakitela azpimarratu du. Hala, herri mugimenduen kontra egiten eta herritarren artean nahasmena sortzen saiatuko direla gaineratu du.

Urriaren 1erako deituta dagoen erreferendumaren aurrean, galdeketa gauzatzeko berme demokratiko nagusia herritarrak direla esan du Puigdemontek. "Ondasun demokratiko hau zapuzten saiatuko dira, galtzea nahi dutelako".

PDeCAT hasieratik erabakitzeko eskubidea defendatu duen alderdi politiko gisa aldarrikatu du Puigdemontek. Halaber, prozesu subiranista martxan jarri zutenetik inoiz ez dela "milimetro bat bera ere desbideratu" eta sekula ez duela bere asmoei uko egin esan du.

"Galdeketa egiteko hitza eman genuen, eta promesak ez betetzera ohitu diren agintarien harriduraren aurrean ez diegu gure asmoei uko egin", nabarmendu du Generalitateko presidenteak. Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidente ohia eta SiQueEsPot talde parlamentarioak aipatu ditu, besteak beste. Izan ere, hasieran zuten jarrerak orain dutenarekin ez duela zerikusirik aurpegiratu die.

Hala, Kataluniako Gobernua galdeketa egin eta herritarren nahia burutzeko gai dela ziurtatu du. Ildo horretatik, auzitegiek (Auzitegi Konstituzionala bereziki) ezin izango dutela aste honetan Kataluniako Parlamentuan onartutako erreferendum legea bertan behera utzi ohartarazi du.

Era berean, Kataluniako Parlamentuari aipamen eginez inoiz izandako "lotsa demokratikoa" izan zuela esatea aurpegiratu dio Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordeari, "terrorismoa finantzatzeagatik susmagarriak diren herrialdeei armak saltzen dielako susmagarria denean Estatua".

El Vallenc astekaria miatu izana deitoratu du

Beste alde batetik, Guardia Zibilak El Vallenc (Tarragona) astekariaren lokal zahar batean egindako miaketa deitoratu du Puigdemontek, eta urriaren 1eko erreferendumean erabiltzeko materiala prestatzen ari diren ala ez atzemateko abiatutako polizia operazioarekin lotu du, ostiralean Constanti udalerrian dagoen inprimategian egin zuten bezala.

"Nahi dituzten miaketa guztiak egin dezakete, baina astelehenean modu baketsuan, demokratikoan eta gizalegez gainezka egingo diegu, beti bezala", ziurtatu du Puigdemontek.

Era berean, astelehenean Diadan parte hartzeko deia luzatu die herritarrei, eta Bartzelonako erdigunean urtero egiten den manifestazio hori aurten ere oso jendetsua izatea espero duela esan du.

2012ko irailaren 11tik geroztik urtero egindako mobilizazioetan izandako "errespetuarekin, giro atseginarekin eta dibertsitatearekin" aho zabalik geratu direla gaineratu du Generalitateko presidenteak, eta 2017ko Diadak inoiz baino zirrara handiagoa sortuko duela aurreikusi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika albisteak Kataluniaren independentzia Espainiako Gobernua argazkiak Espainia bideoak Alderdi politikoak bideoak Eguneko albisteak Pere Aragonès argazkiak