Politika -
Kataluniako erreferenduma
Guardia Zibila 'El Vallenc' astekariaren bi egoitzatara sartu da
Horrez gain, berriz miatu dute atzo ikuskatutako Constanti inprimategia, Tarragonan hori ere.
Agentziak | Erredakzioa
Guardia Zibilak El Vallenc astekariaren bi egoitzak miatu du, Valls herrian, Tarragonan. Urriaren 1eko erreferendumean erabiltzeko materiala prestatzen ari diren ala ez jakiteko abiatutako miaketa da. Konstituzionalak bertan behera utzi zuen urriaren 1erako deitutako erreferenduma.
Bost orduz miatzen aritu ostean, enpresaren ordenagailu nagusia eta dokumentazioa eramateaz gain, posta elektronikoaren kopia bat egin dute, bai enpresarena bai astekariaren zuzendariarena (Francesc Fabregas).
Komunikabidearen arabera, 16:36ean ikuskapena bukatu dutenean, Fabregas deklaratzera deitu dute gaur bertan, 20:00etan, Tarragonako Guardia Zibilaren egoitzan. Azkenean, uko egin dio deklaratzeari, kasuari buruzko informaziorik ez duela argudiatuta. Hala, desobedientzia, prebarikazio delituaz gain, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea egotzi diotenez, ikertu gisa deklaratu beharko du. Astekariaren zuzendariari babesa adierazteko elkarretaratzea egin dute Guardia Zibilaren egoitzatik irten denean.
Guardia Zibilak atzo ere miatu zuen Tarragonako inprimategi hori, urriaren 1erako materiala bilatzeko asmoz. Gaur beste behin ikuskatu dute lekua. 18:45ean amaitu dute lana, eta hainbat poltsa eraman dituztela jakinarazi dute.
Desobedientzia, prebarikazioa eta ondasun publikoak bidegabe erabiltzea leporatuta, Tarragonako Fiskaltzak jarritako salaketa baten ondorioz egin dituzte miaketa horiek.
Guardia Zibila El Vallenc astekariaren atarian, miatzen ari ziren bitartean
Elkarretaratzea astekariaren aurrean
Ehun pertsona inguruk bat egin dute astekariaren egoitzaren parean. Independentziaren eta ANCren aldeko banderak zeramatzaten, miaketaren aurka protesta egiteko. Hedabidearen aurrean bildu diren herritarrek 'Els segadors' ereserkia abestu dute, eta "Votaremos" (Bozkatuko dugu) oihukatu dute. El Vallenc astekariaren egoitza zaintzen ari diren Guardia Zibilaren agenteen parean egin dute elkarretaratzea. Besteak beste, ANC, Omnium Cultural, ERC eta CUP alderdietako kideek hartu dute parte, baita Albert Batet Vallseko alkateak (PDeCAT) ere. Haren aburuz, Guardia Zibilaren miaketa "barregarria, negargarria eta txundigarria" da.
Ehun bat pertsona bildu dira astekariaren egoitzaren parean
Bestalde, Carles Puigdemont Generalitateko presidentearen esanetan, "inprimategiak miatu eta hedabideak inguratu arren, demokraziaz eta baketsu gaindituko ditugu asteleheneko Diadan eta urriaren 1eko erreferendumean".
Turullek azaldu du "material ofiziala" Generalitateko Egunkari Ofizialean inprimatu daitekeela
Jordi Turull Presidentetza kontseilariak Twitter bidez jakinarazi duenez, urriaren 1eko erreferendumaren material ofiziala Generalitateko Egunkari Ofizialaren web atarian inprimatu daiteke. Halaber, "inork katuari hiru hanka ez bilatzeko" eskatu du, Guardia Zibilak egindako miaketen harira.