Politika -
Erreferenduma Katalunian
TSJCk onartu egin du Generalitatearen aurkako kereila aztertzea
Kataluniako Parlamentuko Mahaiaren aurkako kereila ere onartu du Auzitegi Nagusiak.
Agentziak | Erredakzioa
Kataluniako Auzitegi Nagusiak (TSJC) onartu egin du Fiskaltzak Carles Puigdemont presidentearen eta haren Gobernuaren aurka jarritako kereila aztertzea, eta auzia Meritxel Borras kontseilariaren kontra zabaldutakoarekin pilatzea adostu du.
Maiatzaren 16an, Fiskaltzak kereila jarri zuen Borrasen aurka, erreferendumerako hautestontziak erosteko prozesua abiatzeagatik. Francesc Esteve Gobernazio saileko idazkari nagusiaren aurka ere egin zuen orduan Ministerio Publikoak.
Bestalde, Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidentearen eta Ganberaren Mahaiko beste lau kideren aurka jarritako kereila ere onartu du TSJCk.
Auzi hori pertsona berberen aurka abiatutako beste batekin pilatu du.
Epaileak premia handiz bildu dira gaur arratsaldean, eguerdian Fiskaltzak aurkeztu eta gero.
Atzo, Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi zuen erreferendum independentista, behin-behinean.
Trantsizio eta ogasun legeei helegitea aurkeztu die Rajoyren Gobernuak
Bestalde, Iñigo Mendez de Vigo Espainiako Gobernuaren bozeramaileak iragarri duenez, Ministroen Kontseiluak trantsizio juridikorako eta errepublika sortzeko legeari errekurtsoa jartzea adostu du gaur.
Era berean, ogasun propioa sortzeko legeari helegitea aurkeztea erabaki du Gobernu zentralak.
Trantsizio legeari helegitea aurkeztearen aldeko txostena gaur bertan jaso du Rajoyren Exekutiboak, Estatu Kontseiluaren eskutik. Arau berria ofizialki argitaratzeko zain, indarrean sartzeko ezinbesteko baldintza, Ministroen Kontseiluak helegitea aurkezteko baimena eman dio Mariano Rajoy presidenteari.
Ogasun legeko artikulu bati helegitea jartzeko baimena eman dio Ministroen Kontseiluak Rajoyri; izan ere, “Kataluniako Gobernuak Zerga Agentzia propioa bultzatu nahi du, Ogasun propioa izateko”.
Erreferenduma “sustatzea, antolatzea eta egitea” eragozteko eskatu die Fiskaltzak Mossoei
Independentzia erreferendumari “itxurazko estalgarri legala” emateko webguneak ixtea eskatu du Fiskaltzak. Era berean, urriaren 1eko galdeketaren inguruko iragarkirik ez zabaltzeko ohartarazi die komunikabide publiko eta pribatuei.
Erreferenduma egiteko baliabiderik ez eskaintzeko eskatu die Fiskaltzak alkateei, hala nola, lokalak.
Erreferenduma eragozteko beharrezko neurri guztiak hartzeko eskatu die Segurtasun Indarrei (Guardia Zibila, Polizia eta Mossoak).