Politika -
Erreferenduma Katalunian
Kataluniako Parlamentuak trantsizio legea onartu du independentziara begira
Urriaren 1erako deitutako erreferenduma egin eta independentziaren aldeko aukerak irabaziz gero sartuko da indarrean legea, eta Katalunia independentearen esparru juridikoa ezarriko du.
agentziak | erredakzioa
Kataluniako Parlamentuak Trantsizio Juridikorako eta Errepublika Sortzeko Legea onartu du bart tentsio handiko beste bilkura batean. 72 diputatuk bozkatu dute Katalunia errepublika independente bihurtzea aurreikusten duen legearen alde.
Erreferendum legeari bide emateko urrats bertsuak eman dituzte Junts Pel Sik eta CUPek trantsizio legea onesteko. Hau da, lege-proposamena gai-ordenan sartu eta modu azkarrean onartzeko prozedura bultzatu dute. Asteazkenean bezala, baina, bidean oztopoak jarri dituzte PPCk, PSCk eta Ciutadansek (Cs), eta eztabaida atzeratzeko protesta eta trikimailu ugari baliatu dituzte.
Eztabaida Auzitegi Konstituzionalaren erabakia ezagutu berritan abiatu da, eta gauerdia igarota onartu dute. Junts Pel Siren eta CUPen 71 ordezkariek eta Germa Gordo Justizia kontseilari ohi eta atxiki gabeko diputatuak "bai" bozkatu dute, eta Catalunya Si Que Es Poteko kideek, "ez". PPCko, PSCko eta Ciutadanseko diputatuek ganbera utzi dute bozketa egin baino lehen.
Legea urriaren 1eko erreferendumean baietza nagusitzen bada bakarrik jarriko da indarrean.
Kataluniako Konstituzio berria onartu bitartean, horixe izango da araudi nagusia. Legean jasotakoaren arabera, Katalunia "zuzenbidezko errepublika demokratiko eta soziala" izango da, eta "Kataluniako herriak izango du nazio subiranotasuna". Generaralitateko presidentea izango da "estatuburua".
Halaber, trantsizio legea izango da "Kataluniako ordenamendu juridikoko arau gorena", eta ordura arte Katalunian indarrean dauden lege guztien gainetik egongo da.
Legeak prozesu konstituziogilea aurreikusten du, hiru epetan. Aurrena, prozesu parte-hartzaile bat egingo dute, herritarrek nolako estatua nahi duten erabaki ahal izateko. Ondoren, hauteskunde konstituziogileak egingo dituzte, eta batzar konstituziogile bat aukeratuko dute, Kataluniako Konstituzioa idatz dezan. Hirugarren pausoa konstituzio hori erreferendum bidez onartzea izango da.