Politika -
Katalunia
A9ko galdeketagatik bermea ordaintzea eskatuko dio Kontu Auzitegiak Masi
Espainiako Kontu Auzitegiak bost milioi euroko bermea ordaindu dezatela eskatuko die Kataluniako Gobernuko 10 goi-kargudun ohiri, 2014ko galdeketa antolatzeagatik.
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Kontu Auzitegiak deklaratzera deitu Artur Mas eta Kataluniako Gobernuko beste hamar kontseilari ohi, 2014ko azaroaren 9ko galdeketa antolatzeagatik bost milioi euroko bermea ordaindu behar dutela jakinarazteko.
Saioa irailaren 25ean izango da, Kataluniako erreferenduma egin baino sei egun lehenago.
Joana Ortega presidenteorde ohia, Irene Rigau Hezkuntza kontseilari ohia, Francesc Homs Generalitatearen bozeramaile ohia eta beste zazpi goi-kargudun ohi ere deitu ditu Espainiako Kontu Auzitegiak.
Esandakoa egiten ez badute, ondasunak eta kontu korronteak enbargatuko dizkietela ohartarazi die gainera.
(Carles Puigdemont eta Oriol Junqueras. Argazkia: EFE)
Puigdemont: "Estatuak beldurra zabaldu nahi du"
Zitazioaren berri izan ostean, Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak eta Oriol Junqueras presidenteordeak premiazko agerraldia egin dute.
Estatuak, urriaren 1eko erreferenduma galarazteko asmoz, "beldurra zabaldu" nahi duela, "etsi-etsian" ari dela eta estrategia horretan "urrats kualitatiboa" eman duela salatu du Puigdemontek. "Kontu Auzitegiaren erabakiarekin zuzenbide-estatua urratzen ari dira", erantsi du.
Aste honetan onartuko dituzte Katalunian erreferendumerako legea eta erreferenduma deitzeko dekretua, eta Puigdemontek esan du testuinguru horretan kokatu behar direla Estatuaren "mehatxuak eta erasoak" ugaritu izana.
Puigdemontek azpimarratu duenez, aste honetan bertan onartuko dute erreferenduma egiteko legea, eta erantsi du Kataluniako Gobernua prest dagoela erreferenduma egiteko.
Horrez gain, Generalitatearen babesa helarazi die Espainiako Kontu Auzitegiak deitutako goi-kargudun ohi guztiei. "Haien kontra egiten badute, gure kontra ari dira", nabarmendu du. "2014ko azaroaren 9an Kataluniako Gobernuaren izenean aritu ziren; beraz, hau ez da pertsona jakin batzuen aurkako erasoa, hau bozkatu nahi dugun demokrata guztion aurkako erasoa da", adierazi du.
Agerraldia egin aurretik, Puigdemontek eta Junquerasek bilera egin dute Artur Mas Kataluniako presidente ohiarekin, Jordi Sanchez ANCko presidentearekin eta Jordi Cuixart Omnium Cultural elkarteko presidentearekin. Generalitateko zenbait kontseilari ere izan dira batzarrean.
ANC eta Omnium Cultural elkarteek 'elkartasun kutxa' ireki dute, herritarren ekarpenak jaso eta Espainiako Kontu Auzitegiak eskatutako dirua denen artean ordaintzeko.
Beldurrari aurre egiteko deia egin du Artur Masek
3/24 telebistan egindako elkarrizketa batean, beldurrari aurre egiteko eta irmo mantentzeko deia egin die Artur Masek katalanei, Estatua urriaren 1eko erreferenduma galarazteko egiten ari den ahaleginaren aurrean.
Hala adierazi du Espainiako Kontu Auzitegiak hartutako erabakiaren berri izan ostean komunikabideetan egin duen lehendabiziko agerraldian.
"Erreferenduma egiteko gauzak sinatu behar dituzten pertsonak izutu nahi dituzte, beldurraren estrategia erabiltzen ari dira erreferenduma antolatzeko lanetan ari direnak ehizatzeko asmoz", salatu du.
"Ikaratuta nahi gaituzte, urriaren 1ean bozkatzera joan ez gaitezen; Estatuaren erakundeak erabiltzen ari dira ideia jakin batzuk dituzten herritarren kontra jotzeko, baina kasurik egin ezean, jendea irmo mantentzen bada eta beldurraren birusa kutsatzen uzten badiegu, Estatuaren estrategia horrek porrot egingo du", azpimarratu du Masek.