Politika -

Katalunia

Fiskaltzak 'irmo' erantzungo dio 'zentzugabekeriari'

Jose Manuel Maza Estatuko fiskal nagusiak eta Carlos Lesmes Auzitegi Goreneko presidenteak Katalunia izan dute hizpide urte judizialaren irekiera ekitaldian.

Maza, gaur urte judizialaren irekiera ekitaldian. EFE
Jose Manuel Maza. EFE
Maza, gaur urte judizialaren irekiera ekitaldian. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urte judizialaren irekiera ekitaldiak protagonista argia eduki du aurten: Katalunia eta urriaren 1ean independentziaren aldekoek egin nahi duten erreferenduma. Jose Manuel Maza Estatuko fiskal nagusiak eta Carlos Lesmes Auzitegi Goreneko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidenteak, biek izan dute hizpide gaia euren hitzaldietan.

Zuzenean aipatu ez badu ere, independentziaren aldekoak hartu ditu ahotan Jose Manuel Maza Estatuko fiskal nagusiak, eta "irmotasuna" agindu du "euren burua legez kanpo kokatzen dutenen zentzugabekeriaren" aurrean.

"Lasaitasunez, baina egoerak eskatzen duen bezain irmo erantzungo dugu", azpimarratu du.

Auzitegi Gorenean egin dute ekitaldia, Felipe VI.a Espainiako erregea eta Rafael Catala Justizia ministroa bertan zirela.

Mazaren esanetan, "ordena konstituzionala larri apurtzen ari diren horien aurrean, Fiskaltza gure estatu demokratikoa defendatzen ari da, eta horrela egingo du aurrerantzean ere". Legea betetzeko dagoela adierazi du fiskalburuak, eta "espainiar guztien aberri komun eta zatiezina" defendatuko dutela nabarmendu.

Antzeko adierazpenak egin ditu Carlos Lesmes Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko eta Goreneko presidenteak ere. Justiziak Espainiaren batasuna "apurtzeko asmo onartezinen aurrean", legea betearazten duten langile publiko guztiak babestuko dituela nabarmendu du Lesmesek. "Inork ez du sufrituko legea betetzeagatik", erantsi du.

Horren ustez, "haustura edo banaketa" aldarrikatzen duten "aldebakarreko" ekintzak "onartezinak dira, eta demokrazia bortxatzen dute".

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika albisteak Kataluniako erreferenduma Auzitegi Gorena Espainia Gaurko azken orduko albistea