Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Estatus politiko berriaren oinarriak kurtso honetan azalduko ditu Urkulluk
Lehendakariaren iritzian, Kataluniako autonomia etetea "akats ikaragarria litzateke", eta ez du uste Rajoyk bide hori hartuko duenik.
Agentziak | Erredakzioa
Hasi berri den urte politikoa erabakigarria izan liteke. Hain justu, Iñigo Urkullu lehendakariak gaur iragarri duenez, kurtso politiko honetan —irailean hasi eta 2018ko udara arte doana— aurkeztuko ditu estatus politiko berriaren "oinarriak". Proposamena, baina, PSE-EE bazkidearekin "partekatu" behar du aurrena. Behin betiko testuari dagokionez, alderdiek adostuko dute, Eusko Legebiltzarreko Autogobernuaren lantaldean.
Urte politikoa abiatu berritan, elkarrizketa egin diote lehendakariari Radio Euskadin.
Katalunian egin duten hautuaren aurrean, Urkulluk "euskal bidea" defendatu du. "Eskoziako eredua du oinarri, eta gobernuen arteko akordioa bilatzen du. Eskubide historikoak errespetatuta, behetik gora estatu konfederal bat eraikitzeko prozesua defendatzen dut", azaldu du.
Lehendakariaren iritzian, "euskal bidea" herri katalanetan ere "balekoa" izan zitekeen; "hala uste dut, zintzotasunez eta umiltasunez", erantsi du.
Kataluniako autonomia etetea, "akats ikaragarria"
Urriaren 1erako Katalunian deituta dagoen erreferenduma gauzatzekotan Espainiako Gobernuak hartuko lituzkeen neurrien inguruan galdetuta, Urkulluk baztertu egin du balizko autonomia etete bat: "Ez dut uste autonomia etengo dutenik. Akats ikaragarria litzateke presidente baten aldetik".
Dena dela, lehendakariak argitu du ez duela hori gertatu ez den bermerik. Horren berbetan, "ez didate ezer bermatu, ez zentzu batean ez bestean. Gogoeta bat da, eta itxaropena eta konfiantza dut politika nagusituko dela, ez enfrentamendua". Izan ere, lehendakariaren ustez, oraindik "bada denbora" elkarrizketarako, eta urriaren 1a "ez da azken geltokia, hasiera izan baitaiteke".
"Bada denbora; urriaren 1a gertu dago, baina astia dugu Estatuaren eredua zein izan behar den pentsatzeko", argudiatu du. Urkulluk esan duenez, "gero eta alderdi gehiago ari dira eztabaida horretara biltzen", eta PSOE jarri du adibide gisa. Lehendakariaren ustez, "garrantzitsuena arazo bat dagoela onartzea da, Kataluniak eta Euskadik aldarrikatu bezala, Estatu ereduan aldaketa bat egin behar dela".
Eman gabeko eskuduntzak
Espainiako Gobernuak EAEri oraindik transferitu ez dizkion eskuduntzen inguruan baikor agertu da Urkullu, eta laster Jaurlaritzaren esku egotea espero duela esan du. "Legea betetzeko dioen bezain irmoa bada, Rajoyk transferentziak eman beharko lizkiguke, Autonomia Estatutuak, lege organikoa den aldetik, hala jasotzen baitu".