Politika -
Nafarroa
Otsoportilloko leizeko biktimak omendu dituzte Sakanako udalerriek
Oroimenezko ekitaldia egin bezperan, leizearen aldamenean dagoen oroitzapenezko eskultura Falangearen ikurraren margoarekin agertu, baita mehatxu mezu bat ere.
EITB.EUS
Gaur goizean, irailaren lehenengo igandean ohikoa denez, 1936ko altxamenduaren ostean frankistek hil eta Urbasa mendian dagoen Otsoportilloko siman bota zituzten herritarrak omendu dituzte Sakanan.
Asko izan ziren hara bota zituzten inguru hartako eta beste batzuetako bizilagunak. Historialari batzuen ustetan, 200 bat lagun bota zituzten faxistek Otsoportilloko leizera, horietako batzuk bizirik.
Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoek bertan egindako ikerketetan zenbait biktimaren gorpuzkiak aurkitu dituzte.
Eneka Maiz Etxarri Aranatzeko alkateak jakitera eman duenez, Sakanako udalek akordio bat adostu dute zeinaren arabera txandaka antolatuko duten oroimen ekitaldia. Aurtengoa antolatzeko ardura Arruazu eta lakuntzako udalei egokitu zaie.
Eskulturari erasoa
Oroimenezko ekitaldia egin bezperan, leizearen aldamenean dagoen oroitzapenezko eskulturari eraso egin diote, Geroa Baik, Javier Ollo Altsasuko alkateak eta Frankismoaren Krimenen Aurkako Euskal Plataformak, besteak beste, Twitterren salatu dutenez.
Falangearen ikurraren margoarekin agertu da eskultura, eta "oraindik gehiagorentzako lekua dago" mezua gaztelaniaz.
"Leize honek hildako eta jazarritako pertsona guztiak ordezkatzen ditu, eta horregatik babesa azaldu nahi diegu gure lurraldean jazarpen frankista pairatu zuten familia guztiei", azaldu du ohar baten bitartez.
Bestalde, politika arloko beste hainbat ordezkarik euren gaitzespena adierazi dute sare sozialetan:
Etxarri Aranatzeko lau auzokide leizera bota zituzten frankistek 1936. urtean. Duela bi urte haien gorpuzkiak aurkitu eta iaz deshobiratu zituzten, Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzaz.
2010. urtean antzeko erasoa jasan zuen eskultura horrek, Frankismoaren Krimenen Aurkako Euskal Plataformak salatu duenez.