Politika -

Turull, ohartarazpenari buruz

'Norbaitek iradoki nahi badu atentatua saihets genezakeela, esan dezala'

Generalitateko Presidentetza kontseilariaren ustez, "harrigarria da Europolen sartzen uzten ez diguten horiek CIArekin hartu-emana dugula esatea".

Turull, Erkoreka ondoan duela, gaurko prentsaurrekoan. EFE
Jordi Turull. EFE
Turull: 'Norbaitek uste badu atentatua saihets zitekeela, esan dezala'

1:44

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jordi Turull Generalitateko bozeramaile eta Presidentetza kontseilariak Esquadra Mossoen "izen ona kaltetzeko kanpaina" salatu du, eta horretan dabiltzanei mezua bidali nahi izan die: "Norbaitek iradoki nahi badu atentatua saihets genezakeela, esan dezala argi, eduki dezala adorea".

Euskadira bisita hasi du gaur Turullek, eta Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuak egin dio harrera. Gero, bilera egin dute biek.

Elkarrekin Bilbon egindako prentsaurrekoan, El Periodico de Catalunya egunkariak berriki kaleratutako informazioari buruz galdetu diote Turulli. Egunkari horren arabera, CIAren gertuko terrorismoaren aurkako erakunde batek (NCTC National Counterterrorism Center delakoa) Mossoak ohartarazi zituen maiatzean Estatu Islamikoak Rambletan atentatua egiteko asmoa zuela.

Atzo Joaquim Forn Barne kontseilariak eta Josep Lluis Trapero Esquadra Mossoen buruak egindako adierazpenak "egokiak" esan direla erantzun du Generalitateko bozeramaileak, eta kritika politiko zorrotza egin die polizia autonomikoaren "izen ona kaltetzeko kanpaina" abiatu dutenei.

"Harrituta gaude"

"Ez dugu Mossoen izen ona zikintze saiakera horretaz hitz egiten jarraituko. Eman genituen eman beharreko azalpenak, eta norbaitek iradoki nahi badu atentatua saihets genezakeela, esan dezala, izan dezala hori esateko ausardia".

"Harrituta gaude Katalunian, eta ez naiz Generalitateari buruz ari, baizik eta katalanen gehiengo absolutuaz. Izan ere, Mossoek izan zuten jardunaren ostean, hau da, bost egunen buruan zelula bat indargabetu ostean (herrialde gutxitan gertatu dena) mota horretako kanpaina egotea?", erantsi du Turullek.

CIArekin harremanik ez

Turullek ukatu egin du CIArekin harremanik izatea: "Europolen sartzen saiatzen ari gara, eta Europolen sartzea eragozten diguten berek diote CIArekin harremanak ditugula. Sinestezina da!"

"Aurpegirik ematen ez duten interes politiko eta mediatikoei" egotzi die Mossoen aurkako kanpaina hori. "Tamalgarria da; izan ere, krisi batzordeen barruan egon zarenean, eta ikusi duzunean guztia ondo ibili dela, oso ondo koordinatu dela bai Estatuko Segurtasun Indarrekin, bai Gobernu zentralarekin, ez duzu ulertzen nola egon daitekeen jarduteko modu hori zikindu nahi duenik, mundu guztiaren aurrean erakusten egon beharrean", gaineratu du.

Bere aldetik, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Mossoak zoriondu ditu atentatuetan zehar egindako lanarengatik.

Gobernu zentralak Puigdemonti eskaera

Iñigo Mendez de Vigo Espainiako Gobernuko bozeramaileak Ministroen Bilera bukatu ostean adierazi duenez, Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak "azaldu egin beharko du" bere garaian zergatik ukatu zuen Estatu Islamikoak Katalunian balizko atentatua egiteko aukerari buruz Esquadra Mossoek CIAren abisu bat jaso izana.

Joaquin Form Generalitateko Barne kontseilariak "sinesgarritasun gutxiko" komunikazio bat jaso zutela azaldu ostean egin du Mendez de Vigoren eskari hori atzo. Dena den, Formek ukatu egin zuen abisu hori CIArengandik zetorrenik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika albisteak Eusko Jaurlaritza berriak Bartzelona Atentatuak Gaurko azken ordukoa