Politika -
Datorren astean
Konstituzionalak eta Kataluniako Parlamentuak 6an eta 7an dituzte bilkurak
Auzitegi Konstituzionalak eta Kataluniako Parlamentuak aldi berean egingo dituzte bilkurak, irailaren 6an eta 7an, hau da, datorren asteko asteazken eta ostegunean.
Agentziak | Erredakzioa
Auzitegi Konstituzionalak ohiko bilkura izango du datorren astean, irailaren 6an eta 7an, eta egun horietan Kataluniako Parlamentuak ere egingo du osoko bilkura. Ez dago iragarrita noiz onartuko dituzten Katalunian aste honetan aurkeztutako Erreferendumaren Legea eta Iragankortasunerako Legea, baina, TV3ren esanetan, datorren asteko saioan egingo dute. Erreferendumaren Legea uztailaren 31n erregistratu zuten Junts pel Sik eta CUPek, eta, horren bidez, babes legala eman nahi diote Kataluniako Gobernuak urriaren 1erako aurreikusita duen erreferendum independentistari.
Auzitegiko iturriek Eferi esan diotenez, Konstituzionalaren osoko bilkurak bat egingo du Kataluniako Parlamentuarekin; ez dago aurreikusita, oraindik, epaileek jorratuko duten ala ez Kataluniako Parlamentuaren araudiaren aldaketaren aurkako helegitea.
Dena den, ohiko bilkura izanik, agenda beti egoten da prest puntu berriak sartzeko gai-zerrendan.
Legeak 'laster' onartuko dituzte
Oraindik ez dute jakitera eman noiz onartuko dituzten Kataluniako Errepublikaren Erreferendumaren Legea eta Iragankortasunerako Legea; Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidenteak esan zuen 'laster' egingo zela esan zuen, gehiago zehaztu gabe.
Nolanahi ere, Kataluniako Gobernuak aurreratu zuen ez diola kasurik egingo Konstituzionalaren ebazpenari, 'ondorioak ondorio', baldin eta Auzitegiak bertan behar utziko balu Erreferendumaren legea; hain zuzen, Kataluniako Parlamentuari bakarrik egingo lioke men.
TV3k esan zuen, halaber, legeak onartzeko eztabaida gai-zerrendan txertatzea zerrenda horren aldaketa baten bidez egingo litzateke, segur aski.
Telebista autonomikoaren esanetan, Generalitateko presidenteak 'segituan' sinatu lezake erreferendumaren deialdi-dekretua.
Montoro: 'Ez dago aurrekonturik erreferenduma egiteko'
Bitartean, Cristobal Montoro Ogasun ministroak esan du erreferenduma ez dela egingo, ez baitago horretarako aurrekonturik; PDeCATek erantzun dio ez dela orain arteko gasturik izan legerik ez zegoelako.
"Ez da erreferendumik egongo ez dagoelako aurrekonturik. Ez da egongo beste zio batzuengatik ere, baina aurrekonturik ez egotea arrazoietako bat da", azaldu du ministroak. Gainera, Montorok bere buruari galdetu dio ea galdeketaren sustatzaileek "diru-bilketa" bat egiteko asmoa duten galdeketaren kostua ordaintzeko.
Bere aldetik, Antoni Postius PDeCATeko bozeramaileak Montorori esan dio Gobernuak ez duela ulertu nahi "zergatik ari den gertatzen hori Katalunian", eta Kataluniako Parlamentuko gehiengo absolutuak Urriaren 1eko galdeketarekin "aurrera egin" nahi duela erantsi dio.
Junquerasen iritziz, 'erabat posiblea' da legea datorren astean onartzea
Oriol Junqueras Generalitateko presidenteordeak aseguratu du 'erabat posiblea' dela, haren iritziz, erreferendumaren legea datorren astean onartzea. Ez du baztertu biderik hori egiteko (Kataluniako Gobernuaren dekretu bat, ala Parlamentuan).
Ildo horretan, Junquerasek nabarmendu du ‘bide demokratiko guztiek’ balio dutela 'demokrazia praktikan jartzeko’: 'Guztiei jarraitzeko prest gaude, den-denei'.