Politika -
Bilera lehendakariarekin
Lehendakariak eta PPk zero tolerantziaren aldeko apustua berretsi dute
Euskadiko PPko presidentea eta lehendakaria batzartu egin dira Gasteizen, ETAren azken agiriak, EAEko Aurrekontuak eta enplegu politika aktiboen transferentzia hizpide.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak eta Antonio Basagoiti EAEko PPko buruak "indarkeria bukatu arte zero tolerantziaren politikarekin" aurrera egiteko apustua berretsi dute gaur, Gasteizen egindako bileran.
Lehendakaria eta Basgoiti batzartu egin dira gaur goizean Gasteizen, Lehendakaritzan. Ostean, PPko presidenteak prentsaurrekoa eskaini du, baina ez Patxi Lopezek.
Lehendakaritzak ohar bat bidali du. Horren arabera, bilera "adeitsua" izan da, "elkarri ulertzekoa"; nabarmendu dutenez, oinarrizko puntuak adosteko hitzarmena "egoki ari da betetzen eta adostasun horrek dakarren oreka instituzionalak onura handiak eragin ditu euskal gizartean, batez ere, krisialdi ekonomikoaren ondorioz daukagun egoera delikatu honetan".
Biek egoera politikoa aztertu dute, Eusko Legebiltzarrean urte politikoa hasteko hiru egun falta direla.
Besteak beste, ETAren azken agiriak, Euskadiko Aurrekontuak eta enplegu politika aktiboen transferentzia izan dituzte hizpide.
Antonio Basagoiti Euskadiko PPko presidenteak ETAren aurkako politika ez aldatzeko eskatu dio gaur Patxi Lopez lehendakariari, egungoa "aurrerapen nabariak" lortzen ari baita.
Euskadiko PPko presidenteak ziurtatu du ETAn "ahultasuna edo eztabaida" badago, haren "bitartekoen eta helburuen aurkako irmotasuna"ren ondorio izan dela. Horrenbestez, "funtzionatzen ari dena bere horretan" utzi beharra dagoela azpimarratu du.
ETAren azken agirien harira, buruzagi ''popularrak'' ohartarazi du ez zaiela "kasurik" egin behar "hiltzaile hauei", eta "haien proiektu fanatikoari aitzakiak kentzeko bidean" jarraitu beharra dagoela.
Lehendakariak ez du agerraldirik egin, baina Lehendakaritzatik ohar bat bidali dute, bileraren balorazioa egiteko. Honen arabera, "indarkeria bukatu arte zero tolerantziaren politikarekin" aurrera egingo dutela azpimarratu dute Lopezek eta Basagoitik.
Aurrekontuak eta enplegu transferentzia
Bestalde, Basagoitik aurreratu du Euskadik Aurrekontuak izango dituela hurrengo urtean, baina aldi berean, Gobernu sozialistari ez diotela "txeke zuria" emango ohartarazi du.
Horren ildotik, zor publikoa murriztea, gastu arruntean aurreztea eta inbertsioan eta enpleguaren sustapenean ahaleginak egitea proposatuko du.
Basagoitik enplegu politika aktiboen eskuduntza ere hartu du hizpide, eta transferentzia hori ''popularrek'' eta sozialistek sinatu zuten akordioan aurrez ikusita zegoela gogorarazi du.