Politika -

Miramar Jauregian

Urkulluk uste du elkarrizketarako denbora dagoela Katalunian U-1en aurretik

Lehendakariak urte politiko berriko lehen Gobernu Kontseilua zuzendu eta gero egin ditu adierazpenok Donostian, Miramar jauregian.

Urtero legez, jauregiko eskaileretan egin dute argazkia. Iturria: EFE
Rajoyren Gobernuak kartzela politika aldatuko duela uste du Urkulluk

1:52

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak uste osoa du oraindik “denbora” dagoela urriaren 1a baino lehen Estatuak eta Kataluniako erakundeek elkarrekin hitz egiteko eta bi aldeek akordio bat hitzartzeko Kataluniako Gobernuak deitutako galdeketaren emaitzari itxaron gabe.

Urkulluk urte politiko berriko lehen Gobernu Kontseilua gidatu eta gero egin ditu adierazpenok. Lehen bilera hau Donostian egin dute, Miramar jauregian, eta, bertan, lehendakariak “elkarrizketa” aldarrikatu du; izan ere, Kataluniako azken Estatutua onartu eta ondoren bertan behera utzi zutenetik, ez da halakorik egon, haren hitzetan, batik bat Espainiako Gobernuaren aldetik.

“Baliteke batzuei diskurtso onginahia iruditzea, baina denbora dago, nire ustez, elkarrizketa eraikitzaileak izateko, urriaren 1aren ostean ere, galdeketen gertatzen dena gertatzen dela”, esan du Urkulluk.

Urkulluren hitzetan, “ez da urriaren 1era arte itxaron behar”, “lehenago hitz egin behar da”, aukerak baitaude “benetako borondatea eta erantzukizun politikoa izanez gero”.

Estatu plurinazionala

Lehendakariaren ustez, “oraindik ez da gauzatu Espainiaren artikulazioa Estatu plurinazional gisa”, Estatu mailan ez baitago errealitate nazionalen aitortza juridiko eta politikorik eta, are gehiago, "ez baitira onartzen gizarte eta kultura mailan ere”.

Lehendakariaren esanetan, onarpen hori “bidezkoa eta demokratikoa ez ezik erabat beharrezkoa ere bada”, Europan “botere politikoa maila eta instantzia ezberdinen artean berriz banatzeko moduaren inguruko eztabaida piztuta dagoen honetan”.

“Estatuak eta Europak gure errealitate nazionalak aitortuko dituen garai berri bat zabaldu behar dugu”, adierazi du.

“Autogobernua moldatu eta eguneratu”

Euskadiri dagokionez, lehendakariak autogobernua “moldatu eta eguneratzearen alde” egin du, kontuan hartuta “autogobernurik egokienaren ardatzak gogaidetasuna eta identitate ezberdinen arteko bizikidetza” direla.

Lehentasuna Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoaren eta espetxeen eskuduntzak transferitzea dela esan du, baina azaldu du oraindik ez dutela datarik ezarri Josu Erkoreka Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuak Soraya Saez de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordearekin gai hori jorratzeko egitekoa duen bilerarako.

Bartzelonako manifestazioa

Iñigo Urkullu lehendakariak esan du ordezkari politikoek eta erakundeen ordezkariek jakin behar dutela joan den larunbatean Bartzelonako martxaren lehentasuna “terrorismo mota guztiak” gaitzestea eta Kataluniako atentatuen biktimei elkartasuna helaraztea zela.

Urkulluk azaldu duenez, ez zuen Mariano Rajoy Espainiako presidentearekin eta Felipe VI.a erregearekin hitz egiteko aukerarik izan. Aitzitik, Carles Puigdemont Kataluniako presidentearekin eta Kataluniako beste ordezkari batzuekin hitz egin zuen, Generalitatearen jauregian bildu baitziren, martxaren aurretik.

Lehendakariaren esanetan, egun horretan “funtsezkoa” zen “terrorismo jihadista bezalako fenomeno konplexu baten aurrean terrorismoa gaitzestea eta Bartzelonako eta Cambrilseko atentatuen biktimei elkartasuna adieraztea, baita terrorismoaren mehatxua paira dezaketen guztiei ere”.

BPGaren % 3ko hazkundea

Iñigo Urkullu lehendakariak baieztatu duenez, Jaurlaritzaren asmoa da 2017aren amaierarako euskal ekonomiaren hazkundea % 3koa izatea eta “mailaka enplegua sortzen joatea” langabezia tasa % 10etik behera geldi dadin.

Horrez gain, erantsi du 15 plan estrategikoetatik 10 indarrean daudela eta beste bostak (Bizikidetza eta Giza Eskubideak, Berrikuntza Publikoa eta Gobernantza, Enplegua, Euskara eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumoa) aurten onartuko direla.

Espetxe politika

Urkulluk esan du “itxaropena” duela Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak bere eskaerak kontuak izango dituela eta espetxe politika malgutzea onartuko duela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Donostiako informazioa Urkullu albisteak Eusko Jaurlaritza berriak Albisteak