Politika -
Atentatuak Katalunian
Zoidok dio ez zutela imamaren gaineko abisurik jaso Belgikatik
Barne ministroak zehaztu duenez, Guardia Zibilak eta Polizia Nazionalak ez zuten alertarik jaso Belgikako agintarien aldetik; Mossosek ere ez zuten abisurik izan.
Agentziak | Erredakzioa
Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne ministroak asteazken honetan adierazi duenez, Guardia Zibilak eta Polizia Nazionalak ez zuten abisurik jaso Belgikatik Ripolleko imamaren gainean; Abdelbaki Es Satty Gironako herri horretako imama Kataluniako atentatuen bultzatzailea izan zen.
'Nik dakidanez, ez dute jakinarazpenik jaso. Garrantzitsuena da irekita dauden ikerketak ahalik eta lasterren osatu ahal izatea', esan du, Gerard Colomb Frantziako Barne ministroarekin Frantziako Jendarmeria Nazionaleko egoitzan bildu ostean.
Vilvoorde belgiar udalerriko alkate Hans Bontek esan zuen Espainiako segurtasun-indarrei adierazi ziola susmoak zituela imamaren gainean; hala ere, ez zuen zehaztu zein polizia-erakunderi buruz ari zen.
Mossos d’Esquadrako agenteek ere ez zuten belgikar agintarien aldetik eskakizunik jaso, Ripolleko imamaren gaineko datuak emateko. Bartzelona eta Cambrilseko atentatuen burua izan zelakoan daude ikertzaileak.
Vilvoordeko alkateak berriro dio kontaktuak izan zirela
Hans Bonte Vilvoordeko alkateak bere adierazpenak berretsi ditu asteazken honetan, eta esan du, berriro ere, bere herriko Polizia Bartzelonakoarekin harremanetan jarri zela imamaren jarrera susmagarriaren berri izan zuenean. 'Baieztatzen dut', esan dio Bontek Europa Pressi.
Gainera, alkateak esan du galdera 'bartzelonar Poliziari' egin zitzaiola, baina ez du zehaztu Mossoak izan ziren ala ez.
Bontek esan ere esan du erantzuna jaso zuela Espainiatik 2016ko martxoaren 8an, baina ez du partekatu agiri horren kopiarik.