Politika -

Auzitegi Nazionala

Bederatzi atxilotuetatik sei espetxera bidali ditu Marlaska epaileak

Ekineko ustezko buruzagi guztiak kartzelara bidaltzea eskatu du Pedro Rubira fiskalak, ETAko kide direla egiaztatzeko froga nahiko daudela uste duelako.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iragan asteartean, Euskadin, Nafarroan, Kantabrian eta Aragoin atxilotutako bederatzi lagunetatik sei espetxera bidali ditu Fernando Grande-Marlaska Auzitegi Nazionaleko epaileak, iturri juridikoek gaur jakitera eman dutenez. Ekineko zuzendaritza berriz eratzea eta ETAren ildoak ezker abertzaleko buruzagiei helaraztea egotzita atxilotu zituzten.

Urko Asier Aierbe Sarasola, Ugaitz Elizaran Aguilar, Sandra Barrenetxea Diez, Jose Aldasoro Jauregi, Rosa Iriarte Laset eta Eneko Compains Silva kartzelara bidaltzea erabaki du magistratuak, erakunde terroristako kide izateagatik eta/edo ETArekin kolaboratzeagatik.

Egoitz Garmendia Vera, Ariatz Ariznabarreta Ibarluzea eta Erika Bilbao Barcena larunbat honetan galdekatuko ditu epaileak.

Galdekatutako sei atxilotuak kartzelara bidaltzea eskatu du Pedro Rubira fiskalak eta beste hirurentzako gauza bera eskatuko duela iragarri du, izan ere, erakunde terroristako kide izatea leporatzeko froga nahiko daude, Ministerio Publikoko iturriek azaldu dutenez.

Marlaska bost eguneko inkomunikazio epea bete baino lehenago hasi da atxilotuak galdekatzen. Auzitegi Nazionaleko epailea guardian dago aste honetan.

Operazio honekin (lehenengoa ETAk "eraso ekintza armatuak" ez egitea erabaki zuela iragarri zuenetik), Barne Ministerioak "desegin"tzat jo du Ekineko zuzendaritza nazionala.

2007 urtean, erakunde hori "ETAren erraiak" dela ebatzi zuen Auzitegi Nazionalak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea