Politika -
Katalunia
Erreferendumaren legearen tramitazioa atzeratu du Kataluniako Parlamentuak
Forcadellen hitzetan, legea "oso konplexua" da eta, gainera, badakite prozesua "judizializatuta" dagoela.
Agentziak | Erredakzioa
Kataluniako Parlamentuaren Mahaiak ez du asteazken honetan erreferendum legearen tramitazioa eztabaidatu. Izapidea ez zegoen berez gaurko bileraren gai-ordenean, baina azken orduan sar zezaketen. Azkenean, ordea, ez da horrelakorik gertatu.
Junts Pel Sik eta CUPek uztaila amaieran onartu zuten legea, eta askok uste zuten gaurko bileran eztabaidatuko zutela. Izapidea atzeratu egin dute, horrenbestez.
Mariano Rajoy Espainiako presidenteak ohartarazi zuenez, Parlamentuak tramitera onartu bezain laster Auzitegi Konstituzionalean helegitea jarriko du Espainiako Gobernuak.
Carme Forcadell Parlamentuko presidenteak azalpenak eman ditu bilera amaitzean. Nabarmendu duenez, legearen tramitazioa hurrengo bileraren gai-ordenean "sartzekotan" dago, baina legearen "konplexutasuna" eta prozesuaren "judizializazioa" aintzat hartu behar dituela. "Ez gara inuzenteak", ohartarazi du.
Jakinarazpena
Bien bitartean, Kataluniako Auzitegi Nagusiaren jakinarazpena jaso dute gaur Forcadell berak eta Parlamentuko Mahaiko gainerako kideek. Agirian honakoa gogorarazten zaie denei: Auzitegi Konstituzionalak Ganberako arautegia erreformatzeko erabakia bertan behera utzi zuela. Junts Pel Siren eta CUPren aldeko botoekin, "prozesu konstituziogilea" edo "deskonexioa" abiatzea onartu zuten uztailaren 27an. Lau egun geroago, Espainiako Gobernuak erreforma horren kontrako helegitea tramitera onartu zuen Konstituzionalak, eta erreforma bertan behera geratu zen, behin-behinean. Gaur jasotako jakinarazpenean ohartarazten zaienez, prozesu horretan aurrera egitekotan erantzukizunak (zigor arlokoak barne) izan ditzakete.