Politika -
Turismoa
Jaiek protesten 'irudi txarra' hobetzen laguntzea espero du Retortillok
Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuaren arabera, irudi hori ez dator bat 'Gipuzkoako hiriburuaren errealitatearekin'.
Agentziak | Erredakzioa
Donostiako jaiek protesten ondorioz hirian zabaldutako "giroa baretzen eta irudi txarrari aurre egiten" laguntzea espero du Alfredo Retortillo Eusko Jaurlaritzako Turismo sailburuak. Izan ere, Donostia "abegitsua eta irekia" izan dela azpimarratu du Retortillok.
Donostiako Aste Nagusiari ekiteko kanoikadan Donostiako udaletxearen aurrean bildutako kazetariei egin dizkie adierazpenok Retortillok.
Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuaren ustez, "bereziki garrantzitsua" da Donostiako Aste Nagusiaren hasieran egotea, "azken asteotan hiriaren irudi txarra zabaltzen saiatu direla kontuan izanik".
"Errealitatearekin bat ez etortzeaz gain, ez duela hiriburu gipuzkoarra ordezkatzen" adierazi du sailburu sozialistak. Aste Nagusiaren jai giroak "Donostiari beti izan den eta izango den hiri zoragarri gisa erakusten" lagunduko diola uste du.
Eredu turistikoari buruzko eztabaida
Eredu turistikoari buruzko eztabaidari dagokionez, Retortillok azpimarra du "urte asko" daramatela jarduera hori arautzen. Horrez gain, gogoratu duenaren arabera, "iaz akordio politiko zabal batek babestuta onartutako Turismoaren Euskal Legeak 1.994koa berritu" zuen.
Donostiako eta Euskadi osoko "turismo politika ez dela gaur hasi" gaineratu du, eta "beti izan dituela kalitate eta jasangarritasun irizpideak".