Politika -

Auzitegi Nazionala

'Bateragune' auziaren ikerketa bukatutzat eman du epaileak

Arnaldo Otegiren eta Rafa Diezen aurka hasitako ikerketa amaitutzat eman du Pablo Ruz epaileak. Zigor Salara igorri du, epaiketari hasiera emateko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

''Bateragune'' egitasmo politikoa bultzatzeagatik Arnaldo Otegi eta Rafa Diez Usabiagaren aurka hasitako ikerketa bukatutzat eman du Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epaileak. Otegi eta Usabiagarekin batera beste sei lagun auzipetu zituzten, 2011ko hauteskundeetan parte hartzeko "oinarri politikoa" bultzatzen ari zirela egotzita.

Gaur kaleratu duen autoaren arabera, Instrukzioko 5. Epaitegi Zentraleko titularrak "sumario hau ixtea" erabaki du, auzipetutako zortzi pertsonei ETA erakundeko kide izatea leporatu ondoren, "delitua baieztatzeko beharrezkotzat jo diren eginbide guztiak burutu ondoren".

Egitasmo honetan parte hartu zutela "frogatzeko" ikerketa berriak ez direla egin behar uste du epaileak.

Ondorioz, ''Bateragune'' auzia Auzitegi Nazionaleko Zigor Salara bidali du Ruzek. Areto horrek ahozko bista deituko du.

Otegi eta Diez Usabiagarekin batera, Arkaitz Rodríguez, Miren Zabaleta, Sonia Jacinto, Amaia Esnal, José Luis Moreno eta José Manuel Serra auzipetu zituzten. Iazko urriaren 13an atxilotu zituzten, Donostian, LAB sindikatuaren egoitzan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea