Politika -
Donostian
EH Bilduk Kataluniako prozesuaren aldeko manifestazioa deitu du Donostian
'Kataluniako herriari elkartasuna eta babesa adierazi' eta 'euskal herritarren burujabetza aldarrikatzeko' deia egin du ezker abertzaleak.
Agentziak | Erredakzioa
EH Bilduk manifestazioa deitu du larunbat honetan, "Kataluniako herriari elkartasuna eta babesa adierazi" eta "euskal herritarren burujabetza aldarrikatzeko". Donostiako Aste Nagusia hasten den egun berean antolatu dute mobilizazioa.
Arnaldo Otegi koalizio abertzaleko koordinatzaile orokorrak jakinarazi duenez, "Todo un pueblo en movimiento. Con Cataluña y la democracia" ("Herri oso bat martxan. Kataluniarekin eta demokraziarekin") lelopean abiatuko dute ibilaldia Artzai Onaren plazatik 17:00etan, Aste Nagusiari hasiera ematen dion kanoikada baino bi ordu lehenago.
Otegik nabarmendu duenaren arabera, "fase historiko eta testuinguru politiko honetan, beharrezkoa da milaka pertsona kalera irtetea eta jendeak demokraziaren errekuperazioa aldarrikatzea".
Horrez gain, "aukera ona dela" deritzo, euskal independentistek soberanista kataluniarrekin duten "elkartasun maila" erakusteko. "Europan eredu demokratiko garrantzitsua emateaz gain, independiente izan nahi duten ala ez erabakitzeko autodeterminazio eskubidea gauzatzea eskatzen ari den herria da", gaineratu du buruzagi abertzaleak.
Manifestazioarekin bat egiteko beste arrazoi "garrantzitsu" bat nabarmendu du Otegik: "Norbere burujabetza eskatzea" eta Jose Antonio Agirre lehen lehendakariaren hitzak gogoratzea, "gu beti Kataluniarekin" esan zuenean.
Konstituzioaren erreforma aztertzeko batzorde parlamentarioa osatzeko aukerari buruz galdetuta, EH Bilduko ordezkariaren iritziz, "40 urtez Estatuan nazioak egoteko aukera ukatu dutenek federalismoa edo nazio aniztasuna bezalako gaiei ekin nahi badiete, prozesu kataluniarra dagoen tokian dagoelako da".