Politika -
Turismoari buruzko eztabaida
Otegi: 'EH Bildu ez dago turismoaren aurka'
EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren ustez, arazo bat dago, eta arautu egin behar da.
Agentzak | Erredakzioa
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren esanetan, koalizioa "ez dago turismoaren aurka", baina "arazo bat dago" eta "zilegi da" horren inguruko eztabaida bat abiatzea. Otegiren aburuz, turismo sektorea "arautu" beharra dago.
Turismoaren eztabaida pil-pilean dagoen honetan, horren inguruko iritzia eskatu diote Otegiri Donostian eskainitako prentsaurrekoan. Koalizio abertzalearen buruzagiaren hitzetan, "EH Bildu ez dago turismoaren kontra, eta hori esaten duena gezurretan ari da".
"Guk esaten duguna da arazo bat badagoela eta, beraz, arazo horren aurrean oso zilegi dela turismoaren inguruko eztabaida egitea. Eztabaida hori planteatzea ez da turismoaren kontra egotea. Guk askotan planteatu dugu energia nuklearraren kontra gaudela, eta horrek ez du esan nahi energiaren kontra gaudela. Batzuek interesa dute herritarrek sinesteko EH Bildu turismoaren kontra dagoela ", azaldu du.
Katalunian turismoaren kontra egindako erasoez galdetuta, Otegiren ustez, "ez dira dinamika egokiak, eta horrela adierazi dute CUPeko buruzagiek ere".
Ernaik deitutako manifestazioak
Ernaik gaur egungo turismo ereduaren kontra deitutako manifestazioak (gaur, Gasteizen, eta hilaren 17an, Donostian) ere ahotan hartu ditu EH Bilduko koordinatzaile nagusiak.
"Espainiako Estatua, Alderdi Popularra eta agente politiko eta mediatiko batzuk irrikaz daude istiluak gertatzeko. Guk ez dugu istilurik nahi. Ernaik berak esan du ez direla egongo, eta horrela uste dut nik ere", azpimarratu du.
Otegik gaineratu du EH Bilduk Gipuzkoako Diputazioan eta Donostiako Udalean egindako "kudeaketa instituzionala" har daitekeela adibide gisa koalizioa turismoaren aurka ez dagoela egiaztatzeko.
"Ez gaude turisten aurka, guztiok gara turista, eta absurdoa litzateke turismoaren aurka egotea, guztiok egiten baitugu. Dioguna da turismoa aberastasun iturria dela, Euskadiko eta Gipuzkoako KPIan pisu garrantzitsua duela, eta arautu egin behar dela. Hortaz, ez gaude ez 'go home' jarrerarekin, ezta 'hemen ez da ezer gertatzen, ez daukagu arazorik' jokabidearekin", nabarmendu du.
Urtaran: 'Akatsa da abiatzea turismo-eztabaida gatazka ikuspegi batetik'