Politika -
Bisita ofiziala
Euskal sistema fiskala, adibide Eskoziarentzat
Eskoziako lehen ministroa bisita ofizialean etorri da, eta euskal sistema fiskalari esker Euskadi "Espainiako eskualde ekonomiko indartsuena" bihurtu dela adierazi du.
Erredakzioa
Alex Salmond Eskoziako lehen ministroak goratu egin du gaur euskal sistema fiskala, eta bere herrialdean antzeko bat ezartzea gustatuko litzaiokeela adierazi du.
Izan ere, bere ustez, sistema horri esker Euskadiko egoera ekonomikoa gainerako erkidegoena baino hobea da.
Salmond Euskadin dago, bisita ofizialean, eta hainbat enpresatako (Iberdrola eta BBVA, kasu) ordezkariekin batzartuko da. Gainera, Patxi Lopez lehendakariak harrera egingo dio.
Gaur goizean Bilbon eskainitako prentsaurreko batean, lehen ministroak nabarmendu du autogobernuak "arrakasta ekonomikoak" eman dizkiola Euskadiri, eta ondorioz "Espainiako eskualde ekonomiko indartsuena" bihurtu dela.
Hori dela eta, Eskozian "Euskadiko egoera fiskalaren antzeko bat" ezartzea gustatuko litzaiokeela gaineratu du.
Bestalde, Eskozian independentziari buruz promestu zuen erreferendumari dagokionez, Salmondek esan du oraingoz ez dela bideragarria, Gobernua gutxiengoan baitago eta, horrenbestez, "ez nuke lortuko Parlamentuak onartzea".
Botoa emanda, eskoziarrek egoera hori aldatzea eta hurrengo hauteskundeetan gehiengo berriak ezartzea espero du lehen ministroak.
Sare elektriko adimendunakSare elektriko adimendunak ezartzeko marko arautzaile egonkorra eta "egiten ari garen inbertsio handiak" modu egokian ordaintzea eskatu du Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidenteak.
"Espainian sare adimendunak garatu nahi ditut", adierazi du Galanek. Iberdrolako presidentearen arabera, "5.000 eta 6.000 milioi euro inbertitu eta 20.000 edo 30.000 lanpostu sortuko lirateke".
Egungo egoera aldatu ezean, Iberdrolak sare horien "inbertsioa atzeratu beharko du", gaineratu du.