Politika -
Manifestazioa
Kepa del Hoyoren heriotza salatu dute milaka pertsonak Galdakaon
Sortuk adierazi duenez, "preso politikoak espetxetik ateratzeko, Euskal Herriko eragile sozial, politiko eta instituzional guztiek bide-orria adostea eskatzen du euskal gizarteak".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Kepa del Hoyo ETAko preso zendu berria omendu dute larunbat honetan milaka lagunek Galdakaon izandako manifestazio batean. Espetxe-politika salatzeko martxa ere izan da; Del Hoyo Badajozeko espetxean hil zen bihotzekoak jota, kirola egiten ari zen bitartean.
Galdakaoko Udaletxetik abiatu dute manifestazioa, 18:00ak pasata, parte-hartzaileen txaloen artean. 'Agur eta ohore, Kepa' eta 'Espetxe politika hiltzaile' leloak irakurgai ziren pankarta eraman dute martxaren buruan. Dolu-xingola zeraman ikurrina bat eta hildakoaren argazkia ere eraman dituzte.
Martxa hasi aurretik, Arkaitz Rodriguez Sortuko bozeramaileak adierazi duenez, "preso politikoak espetxetik ateratzeko eta errefuxiatuak eta iheslariak etxera itzuli ahal izateko, Euskal Herriko eragile sozial, politiko eta instituzional guztiek bide-orria adostea eskatzen du euskal gizarteak".
"Milaka lagun bildu gara gaur hemen oraindik indarrean dagoen dispertsioaren eta mendekuzko espetxe-politikoaren amaiera eskatzeko", esan du Rodriguezek, eta Kepa del Hoyok "azken hildakoa behar du izan" aldarrikatu du.
Sortuk, Ernaik eta LABEk deitutako gaurko manifestazioan hildakoaren senide eta lagunek, eta ezker abertzaleko eta LABeko ordezkariek parte hartu dute, besteak beste. Bertan izan dira Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusia, Rufi Etxeberria eta LABeko buruzagi Igor Arroyo.