Politika -
Salaketa
Lizarrako Udalaren kontrako helegitea jarriko dute, ikurrina jartzeagatik
Berako eta Olatzagutiko Udalen kontra ere administrazioarekiko auzi-helegiteak jarriko dituela ziurtatu du Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak.
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzak helegitea jarriko du Lizarrako Udalaren kontra, ostiral honetan jaiei hasiera emateko ekitaldian balkoian ikurrina jartzeagatik.
Zehazki, erabaki horrek indarrean dagoen legea ez duela errespetatzen iritzita, administrazioarekiko auzi-helegitea aurkezteko asmoa duela iragarri du Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak.
Era berean, Berako eta Olatzagutiko Udalen kontra ere administrazioarekiko auzi-helegiteak jarriko dituela ziurtatu du.
“Jaiei hasiera emateko ekitaldian Udaletxearen balkoian ikurrina jartzeko erabakia indarrean dagoen legediaren kontrakoa da”, azaldu du Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak ohar batean.
Ildo horretatik, Nafarroako beste hainbat udalen kontrako helegiteak jarri dituztela gogorarazi dute. Besteak beste, Iruñea, Barañain, Iturmendi, Baztan (Baztandarren Biltzarrean erakutsi zuten ikurrina) Irurtzun eta Etxarri Aranatz dira herri horiek.